Erraustegia martxan; haren kontrako olatu herritarra ere bai, «urrats berriak» emateko prest

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM) Gipuzkoak udaletako arduradunei dei egin die «munstroari jaten ez emateko» eta konpromisoa hartzea «beraiek bildutako hondakinik Zubietako erraustegira ez bidaltzeko».

Maddi TXINTXURRETA|2019/12/13
Erraustegiamanifestazioa_usurbil
Manifestazioaren burua, Usurbilgo udaletxe pareko plazatik ateratzen (Jon URBE/FOKU)

Zubietako erraustegiaren eragin-eremuan bete-betean dago Usurbil, eta errauste plantari jada kea dariola, ehunka usurbildarrek eta Gipuzkoako gainontzeko herrietatik etorritakoek erraustegia gelditzeko eskatu dute gaur, Usurbilgo Udalak deitutako manifestazio jendetsuan.

NAIZen kontaketaren arabera, 800 inguru izan dira protestan parte hartu dutenak. Eragile ugarik bat egin dute protestarekin, tartean, hainbat sindikatu, eragile sozial eta ekologista biltzen dituen Larreko Mahaiak.

Arratsaldeko zazpietan hasi da protesta, udaletxe pareko Joxe Martin Sagardia plazatik. Udaletxeko fatxadaren parean, “Herritarron borondatea errespetatu, erraustegirik ez!” pankarta ageri da zintzilik, xingola beltzaren ondoan.

Manifestariak Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei nahiz EAJ-PSE Gobernu taldeari zuzendutako aldarriak oihukatu dituzte ibilbidean zehar, eta, etengabe, “Ez, ez, ez, errausketarik ez!” lema.

Protestaren amaieran, agerraldia egin dute Usurbilgo Udaleko EH Bilduko ordezkariek. «Kezkatuta» daudela adierazi du Agurtzane Solabarrieta alkateak, zeren, erraustegiak «teknologia aurreratuena izanagatik ere», adituek diote «ezinezkoa» dela isuriko dituen substantzia guztiak neurtzea, tartean, nabarmendu dute, «dioxinak, uranoa eta metal astunak».

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkatearen edo Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren jarrerak kritikatu ditu, klima larrialdiaren gaia pil-pilean dagoen honetan, «zuriketa berdea» egotzita. «Markel Olano jauna, herritarren osasunarekin jolastea ez da zilegi».

«Ez dago justizia klimatiko posiblerik erraustegiarekin», esan du, eta nabarmendu, Greta Thunberg ekintzaileak asteon esandako hitzak ekarrita, «historiako aldaketa garrantzitsu bakoitza herritik datorrela».

Desobedientzia erraustegiari

Manifestazioa hasi baino ordu erdi lehenago, EAMk prentsaurrekoa eman du Usurbilgo Potxoenea kultur etxean, erraustegia jada martxan denez, plataforma «fase berri» batean sartu dela iragarri eta aurrerantzean hartuko dituzten neurriak argitzeko.

Hala, Gipuzkoako Udaletako arduradunei galdegin diete «erraustegiarekin ez kolaboratzeko» urratsak ematea. «Gure Udalek zorroztasunez hartu behar dute konpromisoa beraiek bildutako hondakinik Zubietako erraustegira ez bidaltzeko. Eskaera garbia da: udalez udal, eta batez ere hondakinak ongi bereizita jasotzen direnetan, ez eraman gure hondakinak erraustera.

Gertuko aurrekariak

Azken asteotan errauste plantaren inguruan jazotakoak ez dira gutxi izan. Azaroaren 28an probaldi fasea hasi zuten, martxora arte iraungo duena –orduan hasi beharko litzake erraustegia ofizialki lanean–, eta tximiniak kea botatzen du ordutik. Bestalde, EAMk iaz deitutako erraustegira martxan parte hartu zuten lau gazteren kontrako epaiketa abiatu da, desordena publikoak eragin izana egotzita.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak asteon egindako adierazpenak ere ez du egoera baretzen lagundu. Olanok Usurbilgo Udalari egotzi zion osasun gaiekin herritarrei «beldurra sartzea».