NAIZ

Eztia eta euskal jantziak, aurtengo Donostiako Santo Tomasen protagonista Ximonarekin batera

Aurten larunbatean dela eta, jendetza espero da Donostian Santo Tomas ospatzeko, hilaren 21an. Egitaraua aurkeztu du gaur Udalak, Gipuzkoako Erlezain elkartea eta Gero Axular Dantza Taldearekin batera, aurtengo bi berritasun hauen eskutik datoz eta.

Santo Tomasen aurkezpena, gaur Donostian. (Donostiako Udala)
Santo Tomasen aurkezpena, gaur Donostian. (Donostiako Udala)

Txerria izango da aurten, beste behin ere, Santo Tomasen festazaleen arreta bereganatuko duena, 10etatik aurrera Donostiako Konstituzio Enparantzan, hilaren 21an, hurrengo larunbatean beraz. Baina Ximonarekin batera elementu asko biltzen ditu egunak; gaur eman dira jakitera.

Gipuzkoako Erlezain Elkarteko lehendakari den Mikel Zubeldiak hartu du parte agerraldian, bai eta Gero Axular Dantza Taldeko kideak ere, Jaietako zinegotzi den Jon Insaustirekin batera. Izan ere, 10etatik aurrera Bretxan ezti lehiaketa antolatu dute aurten, erlezaintzari bultzada eman nahian.

Eta 11.30etatik aurrera Bulebarreko kioskoan Donostiako euskal jantzi tipikoen lehiaketa egingo da, Dotore Jantzi izenburupean. Gero Axular taldeak antolatutako eta girotutako ekimena da, ondoren emanaldia emango du eta.

Aurretik eta gero, gozatzeko aukera zabala izango da Donostian, gaua heldu arte: abere erakustaldia Okendo Plazan, artisautza, mota guztietako postuak... Luze-luzea da zerrenda: artisauek 40 jarriko dituzte, gazta eta esnekiekin 15, gozogintzako beste 15, taloak egiteko 14, barazki eta fruituekin 7...

Txistorra da egun honetan elikagai nagusia, jakina; 49 postutan dastatu ahal izango da aurten.

Guztira, 195 postu aurreikusten ditu antolakuntzak, mota guztietako produktuak eskaintzeko, beti ere nekazaritza eta abeltzaintzari lotuak.

Ximonari dagokionez, Leitzako Arro baserrian hazitako zortzi urteko txerria 350 kilotik gertu dela aipatu dute agerraldian.