naiz

Ipar Euskal Herriko Manex haziarekin ernaldutako lehen bildotsak jaio dira Hegoalden

Ardi lankidetza proiektuari esker, dagoeneko jaio dira Ipar Euskal Herriko Manex haziarekin ernaldutako lehenengo bildotsak. Ekimenaren helburua “Pirinioetako bi aldeetako Latxa-Manex populazioen artean dauden konexio genetikoak indartzea” da.

Ardi lankidetza proiektuaren baitan jaio dira lehen bildotsak. (NEIKER)
Ardi lankidetza proiektuaren baitan jaio dira lehen bildotsak. (NEIKER)

Ardi proiektuaren baitan, 2.359 dosi erabili dira (Manex Muturgorriko 1.862 dosi Latxa Muturgorrian eta Manex Muturbeltzeko 497 Nafarroako Latxa Muturbeltzean). Ardien intseminazioak hazi hoztuarekin egiten dira, eta horrek esan nahi du eiakulatzen denetik ardiak intseminatzen diren arte gehienez ere 8 ordu igaro daitezkeela. Azaldu dutenez, horrek «koordinazio sendoa» eskatu du abeltzainaren, intseminatzaileen eta intseminazio zentroen artean.

Pirinioetako esnetarako ardi arraza autoktonoen biziraupena mehatxatuta dago, produkzio sistema intentsiboagoak dituzten beste arraza batzuk daudelako. Proiektu honen helburu estrategikoa da «hobekuntza genetikorako programen kudeaketa komunean aurrera egitea, Pirinioetako esnetarako ardien arraza autoktonoen lehiakortasuna handitzeko eta asentamendua eta ustiapena indartzeko».

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako abeltzainen arteko bisitak antolatu dira, ekoizpen sistemen eta hautapen eskemen gainean duten ezagutza elkarrekin trukatzeko. Udaberrian ere, Manex Muturbeltzeko abeltzainak bisitan izan ziren Nafarroan, INTIAko CIA Oskotz intseminazio zentroa eta Nafarroako Latxa Muturbeltzeko hainbat artalde ezagutzeko. Bisita horiek, gainera, artzainei aukera ematen diete euren iritziak kontrastatzeko, inpresioak elkartrukatzeko eta eguneroko lanari buruzko alderdietan sakontzeko, proiektuaren barruan horiek ez baitira espezifikoki kontuan hartzen.