NAIZ

«14 apostolu horiyak» proiektu berritzailea aurkeztu du gaur Orio Arraunketa Elkarteak

Iñaki Arrillaga artistak sortu du Oteizak Arantzazun kokatutako 14 "apostoluen" irudiari kenu bat eginez. Orioko emakumeek arraunean izan duten ibilbideari omenaldia egiten dio.

Orion ateratako argazki sinbolikoa (ORIO ARRAUNKETA ELKARTEA)
Orion ateratako argazki sinbolikoa (ORIO ARRAUNKETA ELKARTEA)

Orio Arraunketa Elkarteak "14 apostolu horiyak" proiektua aurkeztu du gaur, Iñaki Arrillaga artistak sortua Oteizak Arantzazun kokatutako 14 "apostoluen" irudiari kenu bat eginez. Ekitaldiarekin emakumezkoek elkartean izan duten ibilbide oparoa omendu nahi izan dute.

Elkartetik gogoratu dutenez, Orioko emakumeak 1986an hasi ziren arraunean –"ofizialki" esan beharko da– eta bidean hainbat lorpen izan diren arren, garaipen entzutetsuenak aurten iritsi dira, 20 bandera, Kontxakoa barne, eta Ligako koroa irabazita.

Ibilbide hori gogoratzeko hamalaukote bat osatu dute. 1986an lehen arraunkadak eman zituen neska taldearen ordezkari Ainhoa Gozategi Abaurrea, Agurtzane Astigarraga Portularrume eta Leire Alustiza Lertxundi hautatu dituzte.

Urte batzuk geroago seniorretan munduko txapelketan finala jokatzera iritsi ziren garaiko ordezkari dira Marijo Salsamendi Goñi, Maite Lazkano Alday, Sara Peña Lizarralde, Kristina Korta Esnal, Naiara Campos Morey, Jaione Goikoetxea Descarga eta Eder Etxeberria Korta.

Belaunaldi berrien izenean, txiki-txikitatik elkarrekin arraunean ibilitakoak, Itziar Olasagasti San Sebastian, Garazi Oliden Gozategi eta Nadeth Agirre Arruti sartu dituzte.

Eta etorkizunari atea irekita utzi nahian, uzta berriaren ordezkari, Rosa Atorrasagasti Salegi ageri da.

Eta argazkiarekin batera, aipatu behar da datorren urtean Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Orio Arraunketa Elkarteak ikus-entzunezko bat egingo duela arrauna eta emakumeak ardatz hartuta.