GPS, gazteek pairatzen duten prekarietatearen aurkako eragile berri bat sortu dute Gasteizen

Gazteek pairatzen duten prekarietatearen aurkako eragile berri bat sortu dute Gasteizen. Abenduaren 20an, arratsaldeko 18.00etan, bilera irekia egingo dute.

Ion SALGADO|GASTEIZ|2019/12/15
Gps
Eragile berriaren ikurra. (GPS)

GPS. Hauxe da Gasteizen gazteek pairatzen duten prekarietateari aurre egiteko sortu duten eragile berriaren izena. Aurkezpeneko testuan azaltzen denez, «normaltasun batean bizi gara bai, miseria normaltasun bilakatu den normalitatea, alegia. Eta egia da okerrago egon gaitezkeela, izan ere azken hamarkadetan bizi dugun neoliberalismoaren ofentsiba honetan, egunez egun okerrera goaz».

«Baina egoera kaotikoa iruditu arren, ondo neurtuta dauzkate ematen dituzten urratsak eta ezin dugu guztiak norabide berdinean doazela. Bide horretan gazteriaren noraeza ezinbestekoa dute, atomizatuta eta kontzientzia kolektiborik gabe nahi gaituzte. Horregatik 'gure' enpleguetan topatu ahal ditugu hainbeste problematika ezberdin, behin-behinekotasuna, ordaindu gabeko praktikaldiak, etorkizunik gabeko bekak, genero-arrakala, behartutako aparteko orduak, ikasketak eta enpleguaren bateragarritasun eza, ordutegi 'malgutasuna', kontratu eza...», adierazi dute eragile honen arduradunek.

Salatu dutenez, «gainera, gaur egun oso ohikoa da edozein gaztek, bere eskubideen berri ez edukitzea eta jasaten dituen zapalkuntzei aurre egiteko tresnarik ez aurkitzea inon. Izan ere pairatzen dugun esplotazioa, arazo indibidual bilakatu nahi dute eta horretarako erreferente eta kolektibo pertenentziarik gabe behar gaituzte».

«Baina argi daukagu arazo kolektiboek, erantzun eta irtenbide kolektiboak behar-beharrezkoak dituztela. Historiak zerbait erakutsi izan badigu da, soilik antolakuntzaren bidez heldu izan direla garaipenak eta gu norabide horretan aurrera egiteko intentzioa dugu. Problematika ezberdinak identifikatu eta bakoitzak duen espezifikotasuna kontutan hartuz lan-munduan gazteok pairatzen ditugun miseriei aurre egiteko apustua egiten dugu. Gazte langileok antolakuntzarako jada ditugun tresnei beste bat gehitzeko intentzioa da gurea; borrokaren iparra topatzeko lagungarria, hain zuzen», gaineratu dute.

Eta ohartarazi duten bezala, gazteak ez dira prekarietate «basati hau pairatzen ari garen bakarrak». «Sektore batzuk jada borrokaren aizkora altxatu dute, pentsionisten mugimendua, mugimendu feminista edota borroka sektorial ezberdinak kasu. Bada, Gasteizko gazteak esplotazioari aurre egiteko gure aletxoa jartzeko unea heldu dela diogu. Bizitzen dugun prekarietatea mahai gainera ekartzeko momentua da. Horregatik gazteon bizi dugun egoeraren aurrean, sentsibilitate ezberdinen topaleku bilakatu eta irtenbide kolektiboak bilatzeko iparrorratza osatzen laguntzeko intentzioarekin sortu dugu GPS», azpimarratu dute.

Abenduaren 20an arratsaldeko 18.00etan bilera ireki bat egingo dute,  urtarrilaren 18an jardunaldi batzuk antolatuko dituzte eta urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorra erabili nahi dute «sektore ezberdinen artean indarrak batzeko».