NAIZ
Donostia

Tabakalerak arte garaikidearen presentzia indartuko du erakusketa areto berri bati esker

2020an, zentroak lau erakusketa-proiektu eta hiru esku-hartze hartuko ditu, iraganbide-espazioetan arte garaikidea publikoari hurbiltzeko. Zibernetika, bideo-jokoak eta zinema hedatua izango dira programazioaren elementu nagusiak.

‘Kuboa’ instalazioa zintzilikatuko dute Tabakalerako zero solairuan. (NAIZ)
‘Kuboa’ instalazioa zintzilikatuko dute Tabakalerako zero solairuan. (NAIZ)

Tabakalerak proiektu berriei indarra emanez ekingo 2020 urteari. Erakusketa areto berria, lau erakusketa eta espazio publikoan egingo dituzte hainbat interbentzio dituzte aurreikusiak, helburu argi batekin: «Arte garaikidea publikoari gerturatzea».

Tabakalerako zuzendaria den Clara Monterok eta zentruko arte garaikideko arloaren arduraduna den Oier Etxeberriak azaldu dutenez, lan ildoetako bat hiriaren bizitza kulturalari arreta jartzea eta ekimen kulturalekin harremanak sortzea izango da.

Gainera, urteko nobedaderik handienaren berri eman dute. Lau Pareta izena izango duen erakustokia areto nagusiaren ondoan kokatuko dute, eta erakusketa nagusiaren osagarri diren bestelako proposamenak erakutsiko dira bertan.

Datozen erakusketei dagokionez, martxoaren 6an ‘Pobrearen zibernetika: tutorialak, ariketak eta partiturak’ zabalduko dute. Artista ugariren lanak bilduko dituzte bertan eta egun zibernetikak gure bizitzan duen eraginari buruz gogoeta egitea bultzatuko dute.

Horrekin batera, Lau Paretan ‘Bideo-jokoak. Play without end’ erakusketa jarriko dute, bideojokoek kultura garaikidean duten garrantzia azpimarratzeko. Bi erakusketa hauek abuztuaren 31ra arte izango dira ikusgai.

Ondoren, ‘Zinema Ex. Abstrakziotik algoritmora’ muntatuko dute areto nagusian eta irailaren 11atik aurrera izango da ikusgai. Florian Wüstek komisariatutako erakusketa hau Zinemaldirekin elkarlanean egindako proposamena izango da.

Osagarri bezala, erakustoki berrian ‘Chris Kraus: Pelikulak lehen eta gero’ ikusgai jarriko dute. Chris Krauss estatubatuarraren lan filmiko osoa bilduko da bertan, irudi zein testuekin. Erakusketa hauek 2021eko urtarrilak 12ra arte ikusi ahalko dira.

Bestalde, Tabakalerako espazio publikoan esku-hartze artistikoak egingo dituzte. Julio Le Parc artistaren ‘Kuboa’ artelan mugikorra zero solairuan jarriko dute. ‘Espirala’ izeneko espazioa ere osatuko dute bideoartea erakusteko ballioko duena. Eta azkenik, soinu arteak lekua hartuko du Tabakaleran Pauline Oliveiros artistaren ‘Scala’ instalazioarekin.