NAIZ

Zaldunbordako egitasmoari eusten dio oraindik Hondarribiko Udalak, EAJrekin bozei esker

Hondarribiko Udal Batzarrak berretsi egin du Zaldunbordako «makrooutlet»aren egitasmoa, nahiz hasieratik oinarri zuen plangintza baztertu duen, kontu teknikoak argudiatuta. EAJko bederatzi zinegotziek hartu dute erabakia.

Zaldunbordako egitasmoaren aurka sortu den plataforma. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Zaldunbordako egitasmoaren aurka sortu den plataforma. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aste honetan jakin da Hondarribiako Udalak Zaldunbordako «makrooutlet»aren egitasmoa sustengatzen zuen hasierako dekretua bertan behera utzi duela, baina orduan jada iragarri zuen oposizioak horrek ez zuela proiektua baztertzea suposatuko.

Halaxe baieztatu da ostegun gauean eginiko Udal Batzarrean. Egitasmoarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu du gehiengoak, EAJko bederatzi zinegotziek alegia. Onarturiko ebazpenak dioenez, «positibo»tzat jotzen da Zaldunbordakoa, hiru aldagai aipatuz: ekonomia suspertuko duela, lanpostuak sortuko dituela eta kutsatutako Zaldunborda Gaineko lurrak garbitzea ahalbidetuko duela.

«Beste edozein egitasmo»rekin gertatzen den bezala, legea beteko dutela erantsi dio Udal Batzarrak. Gasteizko Legebiltzarrak EAEn komertzio gune handiak mugatzeko akordioa onartu baina egun bat leheneago abiatu zuen proiektua Hondarribiako Udalak, orain alde batera utzi den baina berrartu nahi den planaren bitartez.

«Makro-outlet» horren aurka dira bai Hondarribiako dendariak, bai eta gainerako udal taldeek ere: osteguneko batzarrean ebazpen horren aurka eman dute boza Abotsanitzek, PSEk eta EH Bilduk.

Hasierako proposamenean behintzat, 25.000 metro karratuetan 100 denda inguru jartzea aurreikusten zen, eta 2.000 lanpostu sor litezkeela aipatzen da.