NAIZ

Alkateari «lasterketa ero eta zentzugabea» gelditzeko eskatu dio Zaldunborda Geldituk

Zaldunborda Gelditu plataformak makro-outlet-en egitasmoaren aurka atxekimenduak biltzen jarraituko duela argi utzi du, EAJren gehiengoa duen Udalak egitasmoari eutsi ondoren. Txomin Sagarzazu alkateari honela zuzendu zaio: «Arduratsu izan zaitez».

Zaldunborda Geldituren agerraldia, gaur ostegunean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)
Zaldunborda Geldituren agerraldia, gaur ostegunean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Zaldunbordan makro-oulet-a egiteko plangintza, akats teknikoak argudiatuta, bertan behera utzi zuen Hondarribiako Udalak, baina aurreko asteko osoko bilkuran egitasmoari eusteko borondate irmoa agertu du. Horren ondoren, gaur ostegunean horren aurka segituko duela berretsi du Zaldunborda Gelditu plataformak, alkateari mezu zuzena helaraztearekin batera.

EAJkoak ez diren herritarrak baztertzea leporatzen dio plataformak Txomin Sagarzazuri. «Gogoeta egin dezala eskatzen diogu alkate jaunari, sentibera izan dadila sortzen ari den haserrearen aurrean, arduratsu aritu dadila, eta ez dela historiara pasa Txingudi-Donostia korridorearen eraispen sozioekonomiko eta paisajistikoan aktiboki lagundu zuen alkate hura moduan».

Begirada atzera botaz, 2014. urtean Sagarzazuk Jaizkibel babestearen alde egin zuela ekarri du gogora: «Hauxe sinatu zuen: ‘...azpiegitura handiak eraikitzea, lurraren erabilera desegokiak eta balioak ez ezagutzea bertako aberastasun naturalerako mehatxuak dira. Hori dela eta, aldarrikatu behar dugu gizakiaren garapenak ondare oro zaintzea izan behar duela oinarri. Badakit Jaizkibel kontserbatzeko eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko konpromisoa dugula...’». Zaldunborda Geldituk hitz horiekin bat egiten duela nabarmentzen du.

Udalaren erabakiaren ostean, plataformak «kalteturik izan daitezkeen herritarren aurrean pedagogia egiten jarraituko duela» iragarri du, «herriz herri, auzoz auzo. Atxekimenduak jasotzen jarraituko dugu. Guk gizarte-, ekonomia- eta politika-eragile ezberdinekin, edota erreferente instituzionalekin biltzen jarraituko dugu, eta ongi azalduko diegu Zaldunbordako makro-oulet-aren proiektua zergatik den lasteketa ero eta zentzugabea, zergatik den gutxi batzuen interesak defendatzen dituen baina aurrez aurre gure etorkizunari erasotzen dion proiektua».

Eguzki eta Bidasoaldeko Lagunak

Talde ekogistek ere beren ahotsa entzunarazi dute, gatazka honen inguruan. Eguzki eta Bidasoaldeko Lagunek sinatutako oharrak gogor jotzen du Udalak erabilitako argudio baten aurka: «Zabortegi zaharraren zigilatzea ingurumen onura gisa saldu nahi izatea, eusten ez den falazia bat da, eta adimena iraintzea. Teknikoki eta zientifikoki oso onartuta dago ingurugune naturalean degradatutako eremuetan esku hartzeko ezinbestekoa dela eremu hori bere egoera naturalera itzultzea, kasu honetan, lurzoruen deskontaminazio sakon baten bidez (...) Gainera, deskontaminazio lanak ez dauden zuzenean lotuta mega oulet-aren proiektuarekin», salatu du.

«Pentsatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak 2030erako ingurumen-helburuei, larrialdi klimatikoari eta abarri buruz egiten duen publizitatea jarrera arduratsu baten ondorio dela, eta ez marketin-kanpaina soil bat», erantsi dute. Izan ere, Hondarribiako «alkateak mega proiektu hori bultzatzea ez dator bat bere alderdiak Gasteizen onartuko dituzten aurrekontuen bidez eta duela gutxi Madrilen egindako klimari buruzko goi-bileran parte hartuz defendatzen duen politika berdearekin».