NAIZ
Donostia

Txillardegi gogoan, zendu zenetik zortzi urte igaro direnean

Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ hil zenetik zortzi urte beteko dira asteartean, hilaren 14ean. Horren harira, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak bi ekitaldi antolatu ditu. Bata gaur bertan, 19.30etan; bestea igandean.

Iaz ere muralaren aurrean egin zitzaion omenaldia Txillardegiri, Antiguon. (Gorka RUBIO/FOKU)
Iaz ere muralaren aurrean egin zitzaion omenaldia Txillardegiri, Antiguon. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zortzi urte igaro dira Txillardegi zendu zenetik eta bere memoriak bizirik dirau. Datorren asteartean, urtarrilaren 14ean, beteko da urteurrena baina hura oroitzeko eta omentzeko ekitaldiak gaur bertan hasiko dira, Donostian.

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenaren eskutik, hitzordua Alde Zaharreko San Jeronimo kalean izango da, Udal liburutegiak bertan duen Kriptan. 19.30etik aurrera ‘Txillardegiren Santa Klara uharte maitea’ hitzaldia eta bideo emanaldiari hasiera emango zaio. Elixabete Garmendia kazetariak gidatuko du Txillardegik idatzi zuen ‘Santa Klara uhartea’ liburuaren aurkezpena. Bide batez, idazleari ETBrentzat uhartean bertan egin zion elkarrizketaren bideoa ikusi ahal izango da.

Leku kuttuna zuen Txillardegik badiako uhartea eta, horren harira, gaur egun Cristina Iglesias eskultorea bertan egiten ari den obraren ondorio ekologikoen inguruan hitzaldiak entzun ahal izango dira. Parkea Bizirik elkarte ekologistak eta Bizilagunekin plataformak hartuko dute hitza, hurrenez hurren.

Igandean, ibilaldi gidatua

Omenaldien bigarren geldiunea izango da igandea, hilaren 12. 11.30ean ‘Txillardegiren Antigua’ bigarren ibilaldi gidatua izango da. Joan den urtean egindakoaren osagarria izango da aurtengoa, izan ere auzoaren beste alde bat ezagutaraziko du Josu Tellabide etnologoak, irla eta Haizearen Orrazearen aldera zehazki, uharteari buruz idatzi zuen liburua oinarri hartuta.

Abiapuntua Gaskuña plaza izango da. Bidean, tarteka, Txillardegik berak leku horiei buruz idatzitako testuak irakurriko dira eta haren haurtzaroan eta garaiko auzoaren lekuko izan ziren hainbat leku ezagutu ahal izango dira.

Buelta amaituta, 13.30ean plaza berean izango da omenaldi ekitaldia, horma irudiaren aurrean. Mikel Antza idazleak eta Eneko Sierra saxojoleek hartuko dute parte.

2019, urte emankorra

Amaitu berri den urtean Txillardegiren errekonozimendu ofizialaren alde eman diren urratsak goraipatu ditu herri ekimenak. Aitortza horretan lau keinu azpimarratu ditu, bereziki. Lehena, Hendaiako Udalarekin elkarlanean antolatutako hitzaldia eta erakusketa, erakunde publikoaren aldetik izan den urrats berria eskertuz. Korrikak berak bultzatuta, Euskal Herri osoan zehar bere figura zabaldu izana, baita herriz herri antolaturiko hitzaldiak ere aipatu dituzte.

Urrats «bereziki nabarmena» deritzote EHUko Karlos Santamaria zentroko erakusketa aretoari Txillardegiren izena jarri izana. Bestetik, soziolinguistika alorreko sariari izena osatu eta etorkizunean ‘Txillardegi Hausnartzen Saria’ izena izango du. «Azpimarratu nahi dugu ekitaldia bultzatu zutela zuzenean eta zeharka Euskal Autonomi Erkarteko erakunde ofizial nagusi guztiek», aipatu dute herri ekimenetik.

Azkenik, iragan berri den abenduan Txillardegi multimedia emanaldia aipatu dute. Euskaltzalearen bost testuren irakurketa egin zen bere izena daraman erakusketa aretoan, Donostiako Kanpusean.

Fruituekin pozik daude, 2019ak eman dituenekin. Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenaren asmoa, baina, 2020a «are emankorragoa» izatea da.