‘Vögel’ goreneko obra Arriagan izango da Stuttgarteko Antzoki Nazionalaren eskutik

‘Vögel’ antzezlana, euskaraz ‘Txoriak’, nazioarte mailan goreneko obra da eta asteazken honetan Arriaga antzokian interpretatuko du Stuttgarteko Antzoki Nazionaleko konpainiak. Burkhard C. Kosminskik zuzenduko du, Alemaniako eszena zuzendari ezagunenetakoa.

NAIZ|BILBO|2020/01/13
Vo%cc%88gel
‘Vögel’ Arriagara ailegatuko da asteazkenean. (Matthias HORN)

Nazioarte mailan goreneko antzezlana da ‘Vögel’ eta Bilboko Arriaga Antzokiak ikusteko aukera eskainiko du asteazken honetan, 19.30etatik aurrera. Stuttgarteko Antzoki Nazionaleko konpainiak interpretatuko duen obra Wajdi Mouawad dramaturgo libaniar ospetsuaren testu bikainean oinarritutako lana da. Aurretik ere arrakasta bildutako egilea da Mouawad, ‘Suteak’ lanarekin.

‘Vögel’ lanaren barruan leku handia dute thrillerrak eta maitagarrien ipuin modernoek. Antzinako tragedia baten boterearekin, Ekialde Hurbileko gatazkaren testuinguruan gauzatzen den indarkeriaz, norbanakoen patuaz eta familia barruko gatazkez osatutako istorioa eraiki du Mouawadek. Gatazka arabiar-israeldar hori hiru kontinentetan bizi den familia judu baten ikuspegitik islatzen da. Antzezpenak erakusten duen hizkuntza aniztasuna pertsonaien nortasun hausturetan oinarritzen da.

Asteazkeneko emanaldia, hain zuzen, alemanieraz, ingelesez, hebrearrez eta arabieraz egindako jatorrizko bertsioan interpretatuko da, euskarazko eta gaztelaniazko azpi-tituluekin.

Eitan, Berlingo gaztea, Wahidarekin maiteminduko da Nueva Yorkeko liburutegi batean. Eitanek neska etxekoei aurkezteak, guraso zein aitonari, Shoahtik bizirik atera zenetako bat, (hebrearrek holokaustoari horrela zeritzoten) liskar handia ekarriko du. Wahida arabiarra denez gero, Eitanen aitak ez du onartzen eta, gauzak honela, Eitanek neskarekin Israelera bidaiatzea erabakiko du, bere familiaren sustraien bila. Bertan, Wahida ohartuko da bere nortasun arabiarra luzaroan ukatu izan duela. Aldi berean, honen amonak Eitani familiako ezkutuko sekretua kontatuko dio…

Egile, aktore eta zuzendari

Wajdi Mouawad egile, aktore eta zuzendari frantziar-kanadarra Libanon jaio zen 1968an. Estatu frantsesera joan zen zortzi urte zituela eta handik Kanadara, eta bertan antzezpena ikasi zuen. Idazle eta zuzendari gisa, zirrara eragin zuen nazioartean Libanoko gerra zibilari buruzko tetralogiarekin, eta duela pare bat urte Arriagako ikus-entzuleek egile beraren beste antzezlan bikain batekin gozatu ahal izan zuten, ‘Suteak’.

Mouawad Pariseko Théâtre national de la Colline delakoaren zuzendaria izan da 2016tik, eta bertan estreinatu zuen ‘Vögel’. Burkhard C. Kosminskik, herrialde germaniarreko eszena-zuzendari errespetatuenetako batek, antzezlan hau aukeratu zuen 2018an Stuttgarteko Antzoki Nazionalean zuzendari artistiko gisa abiatu zuen bidea irekitzeko.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Arriaga Antzokiko web gunean, 9 eta 25 euro artean.