naiz
Iruñea

«Autogobernuaren aurkako eraso berri bat» salatu dute EH Bilduk eta Geroa Baik

«Nafarroaren erabakitzeko ahalmena mugatzeko» neurria gaitzetsi du EH Bilduk espainiar Gobernuak Foru Berriaren aurka jarritako helegitearen ondotik. Geroa Baik, modu berean, autogobernuaren aurkako «injerentzia» salatu du. Podemos-Ahal Duguk helegitea bertan behera uztea eskatu dio Gobernu espainolari.

Ramon Alzorriz (PSN), Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araizekin hizketan Parlamentuan. (PARLAMENTO DE NAFARROA)
Ramon Alzorriz (PSN), Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araizekin hizketan Parlamentuan. (PARLAMENTO DE NAFARROA)

Espainiar Gobernu berriaren ministroen lehen bilerak Nafarroako Foru Berriaren aurkako helegitea ekarri du, «Nafarroaren erabakitzeko ahalmena mugatzeko aurreko gobernuen joera bera erakutsiz», EH Bilduren iritziz. Bakartxo Ruiz EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioaren bozeramailearen hitzetan, «erabaki honek Nafarroaren ahalmen legegilea murrizten du, eta gure autogobernuaren esentzietako bat erasotzen du: gure zuzenbide zibila».

Ruizen ustez, «espainiar Konstituzioa tresna uniformatzaile gisa erabiltzen saiatzen ari gara berriro, eta, hala, Nafarroak legeak egiteko eta gure esparru juridikoa erabakitzeko orduan duen gaitasuna murrizten».

Aurreko legealdian onartutako Foru Berriaren zatirik handienak aurrera jarraitzen duen arren, Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteak «Nafarroako zuzenbide zibilean aurrerapen handia suposatzen zuten eta Nafarroak jada eskumenak zituen alderdi garrantzitsuak zalantzan» jartzen dituela salatu du EH Bilduk. Hala, «ordainetan ematea edo kredituak lagatzea bankuen politikei aurre egiteko beharrezko tresnak» direla defendatu du Ruizek. «Paradoxikoa da bere burua aurrerakoi gisa definitzen duen gobernu berriak herritarren eskubideak defendatzeko errealitatera egokitu diren lege batzuen aurka jotzea», gehitu du.

Sanchezek bere gobernuaren «elkarrizketarako izaera» goraipatu du eta Maria Chivitek, Nafarroako lehendakariak, Estatuan «autogobernua ulertuko duen gobernu baten beharra» adierazi du. Geroa Baik ere, espainiar Gobernu berria adierazitako «elkarrizketa eta autogobernuaren aldeko hitzekin talka egiten duen erabaki» moduan hartu du helegitea.

EH Bilduren galderak Madrilen

Honekin batera, EH Bilduk Madrilgo Kongresuan duen taldeak Carmen Calvo Gobernuko presidenteordearen agerraldia eskatu du helegiteari buruzko azalpenak emateko, Mertxe Aizpuruak azaldu zuenez. Bide batez, erabaki hori Nafarroako burujabetzaren kontra eta eskubide sozialen aurka doala gaineratu du. «Hobe izango zen horrelako legeak kontuan hartzea antzekoak egiteko eta ez helegiteak aurkeztua», esan du. Aizpuruak eta Nafarroako diputatu Bel Pozuetak sinatzen dute eskaera.

Honekin batera, helegitea aurkezteko zein arrazoi juridiko eta politikoak dauden galdetu du Pozuetak. Gobernu berriak elkarrizketaren eta akordioaren alde egiteko erabakiaren kontra ez ote doan galdetzen du ere diputatu nafarrak.

Nafarroako Parlamentuan PSNk eta Podemos-Ahal Duguk Foru Berriaren alde bozkatu bazuten, orain Madrilgo Gobernua osatzen duten bi alderdi hauek zergatik dauden helegitearen alde galdetu du Pozuetak ere. Nafarroako augotobernuaren aurka jarraitzeko asmoa duen galdetzen dio ere Gobernu espainolari. Honez gain, Nafarroako Parlamentuak horrela eskatzen baldin badu helegitea kentzeko prest ote dagoen bota du ere Pozuetak.

Geroa Bairen kritika

Bide beretik, Geroa Baik nafar Parlamentuaren ahalmenak «mugatzeko nahia» ikusten du erabakiaren atzean. Ohar baten bidez, gogora ekarri du alderdi guztiek aho batez babestu zutela Foru Berria. «Espainiar Gobernuak ez ditu eztabaida politikoaren bideak agortu eta auzia epaitegietara eramatea erabaki du», salatu dute.

Ildo horretan, Geroa Baik «autogobernuaren eta Foru Berriaren defentsa irmoa» eskatu dio Iruñeko Parlamentuari. Galdera bana erregistratu dute Geroa Baik eta EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan, Chiviteren Gobvernuak Foru Berriari jarritako helegitearen inguruan egiten duen balorazioa azal dezan.

Podemos-Ahal Duguk helegitea kentzea eskatu du

Podemos-Ahal Dugu taldeak ere helegitearen kontra egin du eta bertan behera uztea eskatu dio Pedro Sanchezen Gobernuari. Honekin batera, Foru Berria «Eskubide Zibil Foral arloan nafarrok dugun eskumen esklusibo historikoaren isla» dela nabarmendu du.

Gobernu espainolak epaitegien bidea hartu izana deitoratu Podemos-Ahal Duguk, gisa honetako desadostasunak soilik alor politikoan konpondu behar direla gaineratuz. Bide batez, Foru Berriaren gaurkotzea eztabaida sakon baten ondoren aho batez onartu zutela Nafarroako Parlamentuko talde guztiek.

Podemos-Ahal Duguren arabera, helegite hau «Nafarroako herriaren autogobernuaren aurkako ez hanka ez bururik ez duen erasoa dela» erantsi du, lege sozialen aurka egiten duela gaineratuz.