NAIZ

Estatu espainoleko Gobernu berriarekin grebarako «arrazoi gehiago» daudela iritzi du ELAk

Estatu espainoleko Gobernu berria eratzean, PSOE eta Unidas Podemosek sinaturiko akordioan jasotzen diren puntuak ez dira «nahikoa» ELArentzat. Horregatik, greba orokorra egiteko «arrazoi gehiago» daudela ondorioztatu du sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta zerbitzu pribatuen federazioko arduradun Marikruz Elkoro. (ELA sindikatua)
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta zerbitzu pribatuen federazioko arduradun Marikruz Elkoro. (ELA sindikatua)

ELAk puntuz puntu aztertu du PSOE eta Unidas Podemosek Estatu espainoleko Gobernuaren legegintzaldi berrirako sinatu duten akordioa. Sindikatuaren ustez «urria» da sinatutakoa, batez ere urtarrilaren 30ean Euskal Herrian iragarrita dagoen greba orokorrak jasotzen dituen aldarrikapenen aldean. «Musika asko eta hitz gutxi» daudela uste du ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eta, greba orokorraren bezperan, «desmobilizazio soziala har daitekeen erabakirik txarrena» delakoan da.

Erdietsitako akordioak Rajoyren Gobernuak onartutako Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen onarpena jasotzea salatu du ELAk, lege horrek gastu publikoa handitzea galarazten duela gogoraraziz. Diru-bilketa handitzea eta gastu publikoa handitzea ahalbidetuko lukeen zerga-erreforma bat konponbide izan daitekeela nabarmendu du sindikatuak.

Era berean, akordioan errenta altuei PFEZa igotzea jasotzen den arren, Lakuntzak azaldu du neurri horrek, gehien jota, urtean 300 milioi jasotzeko aukera emango duela, besterik ez. «Planteatzen diren aldaketa fiskalek ez dute funtsezko aldaketarik eragingo fiskalitatean».

Pentsioak eta lan eskubideak nabarmendu ditu ELAk akordioa aztertzerakoan. Izan ere, «pentsio, lan eta bizitza duina» leloa ezarri diote Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrari, zeina pasa den astean erregistratu zuten ofizialki. Gauzak horrela, pentsioei dagokionez, sindikatuak adierazi du ez duela urrundik ere betetzen» grebako aldarrikapen taulan jasotakoa.

Konpromiso konkretuen falta

Akordioak jasotzen du KPI errealaren arabera igotzea pentsioak; ELAk, aldiz, ohartarazten du iaz gauza bera adostu zutela bi alderdiek eta azkenean «ez zutela bete». Gainera kexatzen da ez dela aipamen zehatzik egiten gutxiengo pentsioei dagokienez, soilik hauek «hobetuko» dituztela.  «Ez dago konpromiso konkreturik, eta 1.080 euroko zenbatekoarekin ez dauka zerikusirik», kritikatzen du.

Iraunkortasun faktorea kenduko dutelaren promesak ere zalantza eragiten dio ELAri, «sistemaren iraunkortasuna epe ertain eta luzean ziurtatuz» egingo dela adierazten dutelako eta Gizarte-Segurantzaren erreforma «elkarrizketa sozialaren eta Toledoko Itunaren markoaren baitan» kokatuko dutelako.

Lan eskubideak

Enpleguaren eskubideei dagokionez, Zapatero Gobernuakk aplikatutako lan erreforma ez dela ukitzen kexatu da ELA eta 2012ko erreformari buruz hitz egiterakoan «testua anbiguoa» dela. Nolanahi ere positiboki baloratu dute «premiazkoak» iruditzen zaien hiru puntu indargabetzea: gaixoaldi bajek eragindako absentismoagatik kaleratzeko aukera, lan hitzarmenaren denbora-eremuari ezarritako mugak eta enpresa-hitzarmenek sektore-hitzarmenekiko duten aplikazio-lehentasuna.

Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren inguruan, ELAk iritzi du gobernu honek atzerapausoa eman duela, PSOEk eta Unidas Podemosek lehenago osatu zuten akordioarekiko. Desados agertu da ELA LGS batez besteko soldataren %60 iristeraino mailakako igoera ezartzearekin, hala nola Elkarrizketa Sozialeko Mahaia abiapuntu izatearekin.

Instituzioak «estutzeko» unea

PSOE eta Unidas Podemosek eratutako Gobernu berriak eta bertan adostutako akordioak aldarrikapenei erantzunik ematen ez dienez, instituzioak «estutuko» ditu urtarrilaren 30ean. Honekin batera gogoratu du Pablo Iglesiasek horixe bera eskatu ziola gizarteari presidenteordearen kargua hartu zuenean: «Behingoagatik kasu egingo diogu».

«Arlo sozialean aurrera egin nahi badugu ezin gara zain geratu unean uneko gobernuak zer egingo ote duen», adierazi du ELAk eta nabarmendu du urtarrilaren 30eko greba orokorra «justifikatua dagoela» eta horretarako «arrazoi gehiago» daudela.