NAIZ
DONOSTIA

Xuaren hirugarren urtebetetzean, «Motxilak gora» ekitaldia igande honetan Atanon

«Motxilak gora» ekitaldia antolatu du Sarek datorren igandean Donostiako Atano pilotalekuan. Xuaren egoera salatuko dute, izan ere 3 urte beteko ditu eta ezin izango du amarekin espetxe barruan bizitzen jarraitu.

Gaur aurkeztu dute Donostian igandean izango den ekitaldia. (Gorka RUBIO/FOKU)
Gaur aurkeztu dute Donostian igandean izango den ekitaldia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Igande honetan, urtarrilaren 19an, “Motxilak gora” ekitaldia antolatu du Sarek Donostiako Atano pilotalekuan. «Egun horretan Xuak 3 urte beteko ditu eta Atanon elkartuko garenok 'Zorionak Xua!' abestuko diogu. Haurrek urteak betetzen dituzten eguna pozgarria, koloretsua eta alaia izaten da. Hortxe aritzen dira txikiak euren urtebetetze egunerako falta diren loak ilusioz eta urduritasunez kontatzen. Xuaren hirugarren urtebetetzeak, ordea, badu berezitasun handi bat», azaldu dute gaur Maider Zabalegi abeslariak, motxiladun haur izandakoa, eta Porrotxek.

Gogoratu dutenez, Xua 2017ko urtarrilaren 19an jaio zen Valentzian. Ordutik Picassenteko kartzelan bizi izan da bere amarekin, eta aita ere espetxe berean preso duenez, bisitetan egoten da berarekin. «Datorren igandean 3 urte beteko ditu eta Sara eta Izarren kasuan ongi ikasi genuen moduan, Espetxe legediak hala aginduta, ezin izango du amarekin espetxe barruan bizitzen jarraitu. Igandetik aurrera beraz, Xua motxiladun haur bilakatuko da, eta gurasoekin hilean behineko bisitetan soilik egon ahal izango du. Horretarako gainera, Usurbildik Valentziarainoko 600km-ko bidaia luzea, arriskutsua, aspergarria eta garestia egitera behartuko dute», adierazi dute.

«Guk igandean Xuari zorionak abesteaz gain, bere gurasoak, Olatz eta Patxi ere Xuarekin batera Usurbilen, etxean nahi ditugula aldarrikatuko dugu. Izan ere, hori ez da Xuak amestutako edo asmatutako ezinezko ipuina. Olatz eta Patxi etxean egotea, legedia betetzea soilik litzateke; legedi arrunta aplikatuta posiblea baita baldintzapeko askatasunean Xuarekin batera etxeratzea, biek zigorraren 3/4a beteta dute eta. Motxilak gora diogu. Garaia delako herri honetan oraindik ere etxe askotan mantentzen den sufrimenduarekin bukatzeko», erantsi dute.

Gaur egun 102 motxiladun haur-nerabe daude Euskal Herrian eta «konbentzimendu osoz diogu, garaia dela eta posiblea dela motxila horien zamarekin bukatzea». «Errealitate hau aldatzea posible da. Horretarako, beharrezkoa da euren gurasoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak eta salbuespen legedia bertan behera uztea», azpimarratu dute Zabalegik eta Porrotxek, eta gurasoak Euskal Herriko kartzelatara ekartzea lehentasunezkoa dela ohartarazi dute.

«Motxiladun haurren gaia kaleratzen hasi ginenean salatzen genuen moduan, haur-nerabe hauei noizbait gurasoak etxean izateko esperantzarako eskubidea ere ukatu egiten zaie eta bada garaia horri buelta eman eta etxeratze bidea ikusten hastekoa. Nola? Eurekin egoteko egin beharreko bidaia luzeekin bukatuz lehenik, eta egun zehatzetan, urtebetetzeetan, Gabonetan... baimenekin etxean izanez, eta azkenik baldintzapeko askatasunarekin edo hirugarren graduan», esan dute.

«Guraso guztiak Euskal Herrian nahi ditugu»

«Horregatik, haur hauek gurasoekin bizitzeko eskubidea dutelako, eta aipatutako baldintzak betearaztea guztion ardura delako, Igandean hurbil gaitezen txiki eta handi Atanora. Bertan, dantza, musika, magia… denetarik ikusteko aukera izango dugu. Xua Euskal Herrian biziko delako oso pozik gaude eta guk komunitatean, taldean sinesten dugunez, badakigu Xua alai eta babestuta egongo dela; baina Olatz eta Patxik eta gainontzeko guraso guztiak ere Euskal Herrian nahi ditugu», diote, eta pasa den asteburuan 80.000 pertsona atera zirela kalera Bilbo eta Baionan gogoratu dute.

Azpimarratu duten bezala, «euskal jendartearen mezua eta aldarria argia da; bada garaia preso eta iheslarien auzia konponbidean jartzeko. Guztioi dagokigu salbuespen legediarekin amaitu eta, legedi arrunta oinarri hartuta, presoen etxeratze prozesua gauzatu dadin bidea egitea. Beraz, zatoz igandean Atanora! Jaurti ditzagun motxilak gora! Hau hauek merezitako etorkizuna izan dezaten».