NAIZ

Txakolin uzta berria aurkeztu eta dastatu dute Getarian

Klimatologiari dagokionez «urte arraro samarra» izan dela azaldu dute aurkezleek, udaberri hotzak loraldiaren gatzatze irregularra ekarri baitzuen, eta 2018an bezala, honek ohikoa baino uzta txikiagoa izatea eragin du.

Txakolin Eguna, uzta berriaren aurkezpena Getarian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Txakolin Eguna, uzta berriaren aurkezpena Getarian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gaur goizean ospatu dute Getarian txakolin berriaren aurkezpena, ohiko den moduan, San Anton egunez. Dagoeneko Kontseilu Arautzaileak emandako garantiazko prezintoarekin merkaturatzen den 30. aldia izango da, Jatorri Deituraren Erreglamenduan ezartzen diren kontrol guztiak pasata.

Urte hauetan zehar, «produktu bat berreskuratzea» lortu ez ezik, «mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea profesionalizatzea» lortu dela azaldu dute txakolingileek, honekin Getariako Txakolina «kalitatezko ardo bat bezala mundu mailan errekonozitua izatea» lortu dela gaineratuz.

2019ko uztaren ekoizpena 2018koaren ia berdina izan dela azaldu dute. Izan ere, 3.400.000 kilo mahats bildu dira eta 3.100.000 botila inguru aterako dira merkatura. Getariako Txakolina gehiengo haundi batean txakolin txuri da, hau da, %90. Gainontzeko %10, ia guztia txakolin gorria da, txakolin beltzaren elaborazioa «anekdotikoa» izanik.

Iaz bezala ere uzta «txikiagoa» izan da, udaberri hotzak loraldiaren gatzatze irregularra ekarri baitzuen. Hala ere, txakolingileek mildiun-aren (mahatsondoaren onddoa) eraso esanguratsurik ez dela egon nabarmendu dute.

Mahasti Jaun

Urtero bezala, gastronomiaren, euskal-kulturaren eta txakolinaren alde lan egin duten pertsona edo entitateei omenaldi txiki bat eskaintzen zaie.

Aurten, Ander Gonzalez sukaldariari eta Gabriela Uriarte dietista-nutrizionistari izendatu zaie Mahasti Jaun, ETBko 'A bocados' saioko aurkezleak, «bertako produktuekin egindako sukaldaritza osasungarria defendatzen duten telebistako bikote perfektoa», antolatzaileen esanetan.