Naiz

Ikasle mugimendu berria sortzeko eratze faserako pausoak ematen hasiko dira gazteak

Duela lau hilabete hasi zuten dinamikari jarraipena emateko asmoz ‘Kargatzen’ prozesua abiarazi dute ikasleek, asanblada desberdinetako kideekin batera euren helburuak lortzeko beharrezkoak diren hausnarketak eta eztabaidak sustatzeko asmoz.

ikasleak eskuetan zabalduko dituzten liburuxkak dituztela. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
ikasleak eskuetan zabalduko dituzten liburuxkak dituztela. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Urrian hainbat ikasle asanblada elkartu egin zirela eta dinamika berri bat hasteko prest zeudela iragarri zuten gazteek. Oraingoan mugimendu horrek aurrera egin duela eta, pixkanaka, eratze prozesuari hasiera emango diotela iragarri dute.

«Urriko egun hartan eman ginen ezagutzera, bai, baina ez gara ezerezetik jaio den ikasle mugimendu bat; sorbaldan hamaika esperientzia eta borroka daramatzagu, eta gure helburuak bururaino eramateko prest gara. Ez gara ezerezetik jaio. Hilabete luzez, gure herriko ikastetxe zein kaleetan borrokan daramagun ikasle konprometituak gara eta, azaroan egindako ikasle greba nazionala, horren adibide paregabea da», azaldu dute agerraldi batean.

Tarte honetan 150 ikasletik gorako asanbladak egin izan dituzte, bakoitza bere tokiko errealitatetik abiatuta baina helburu bakar batekin: «ikasle borrokaren eroaleak bilakatzea».

Hala, lehen fase hori gaindituta, eratze fasearekin hastea erabaki dute. «Fase berri honen helburua guztion artean ikasle subjektu berri bat eraikitzea izango da. Betiere, borrokan aurrera egiteko ezinbestean behar dugun tresna bezala ulertuta. Orain arte egin bezala, subjektu hori elkarlanean eraikiko dugu, ahalik eta ikasle gehien inplikatuko dituen ‘Kargatzen’ prozesua abiatuz. Horretarako, hurrengo hilabeteetan, beharrezkoak diren hausnarketak eman, eztabaidatu eta gure buruen formakuntzan sakonduko dugu», adierazi dute.

Horretarako ikastetxez ikastetxe zabalduko dute prozesua eta propio osatu duten liburuxka izango dute lan-tresna. Ahalik eta ikasle gehienen ekarpena lortu nahi dute, eraiki nahi duten subjektu berriaren oinarriak indartsuak izan daitezen.

Aurretik duten lana erraza ez dela dakiten arren, «ikasle mugimendua berpizteko garaia» dela uste dute. «Argi dugu: itzalita dagoen ikasle mugimendua kargatzen jarriko dugu», amaitu dute.