NAIZ

Iñigo Martinez de Albornoz mendi eskiko Espainiako Kopako txapeldun izan da

Boi Taull-eko (Lleida, Herrialde Katalanak) eski estazioa izan da, Euskal Selekzioko eskiatzaile den Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra, Espainiako Kopako irabazle izendatu duena. Puntuazio orokor bidez osatutako formatuan, Igone Campos gizpuzkoarra ere bigarren izan da emakumeetan.

Iñigo Martinez de Albornoz, Boi Taull-eko podiumean. (EMF-FVM)
Iñigo Martinez de Albornoz, Boi Taull-eko podiumean. (EMF-FVM)

Larunbatean, eta 1.600 metroko desnibel positiboa izan zituen ibilbidean, Iñigo Martinez de Albornoz (1:33,12) bigarren izan zen, Marc Pinsach (1:31,31) kataluniarrak irabazi zuen lasterketan. Lau igoera izan zituen, horietako bitan pioletaren beharra izan zuten eskiatzaileek. Selekzioarekin debuta egin zuen Axier Alonso, hamabosgarren sailkatu zen (1:43,28). Promesen mailan, Aitor Ajuria zazpigarren sailkatu zen (1:52,14), eta juniorretan, Rafa Urbizu seigarren izan zen.

Emakumeetan, Nahia Quincocesek (1:34,51) erakutsi zuen edozeini irabazteko gai dela. Lasterketa bikain baten ostean, bigarren sailkatu zen Marta Garcia (1:32,16) kataluniarraren atzetik. Podiuma, Ana Alonso (1:35,44) andaluziarrak osatu zuen. Igone Campos euskalduna, bosgarren izan zen helmugan (1:37,55).

Gaur igandea jokatu den igoera bertikalean, Igone Camposek ia ezustekoa eman du 500 metroko igoera zituen ibilbidean. Campos, bigarren izan da amaieran Ana Alonso andaluziarrak menderatu duen lasterketan. Nahia Quincocesek, laugarren postuarekin konformatu behar izan du gaurkoan.

Gizonezkoen senior mailan, Iñigo Martinez de Albornoz laugarren sailkatu da Pau Collek irabazitako lasterketan. Gartzen Elejabarrieta bizkaitarra hamabigarren eta Axier Alonso hamalaugarren sailkatu dira proba berean. Promesa mailan, Aitor Ajuriak larunbatean lortu zuen sailkapen berdina errepikatu du gaurkoan. Juniorretan, Rafa Urbizu seigarren izan da, eta jubeniletan, Aitor Ugarte bigarren postu bikain bat lortzeko gai izan da.