NAIZ
BILBO

Euskaltzaleen mugimendua antolatzeko ereduen inguruko gogoetak ardaztuko ditu Topaldiak

Tokian tokiko komunitateari baliagarriak izan zaizkion Euskal Herriko zazpi esperientzia bilduko ditu jardunaldiak Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan.

Otsailaren 6an, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan, izango da Topaldiaren edizio berria. Aurtengoan, antolakuntza ereduen inguruko gogoetak ardaztuko ditu jardunaldiak, izenburuak berak adierazten duen bezala: "Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?".

Topaldiak ohar batean azaldu duenez, «jardunaldiak helburu bikoitza dakar: alde batetik, euskaltzale autoeratuen tokian tokiko antolakuntza ereduak ezagutzeko abagunea eskainiko du; eta, beste alde batetik, etorkizunera begira baliozkoak izan daitezkeen ereduen inguruan elkarrekin pentsatzeko espazioa sortzea du asmo».

Horretarako, Euskal Herriko hainbat esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da, protagonisten ahotik, zuzenean. Tokian tokiko hizkuntza komunitateetan funtzionatzen ari diren esperientziak mahairatuta, antolaketa eredu bakoitzak gizarte aktibaziorako dituen gakoak aletzea da Topaldiaren asmoa.

Guztira, Euskal Herriko zazpi txokotako esperientziak bilduko dira Topaldian. Atarrabiako Karrikaluze elkartearen bilakaerak eta etorkizuneko asmoek zabalduko dute jardunaldia. Jarraian, Tolosaldean eta Eibarren Administrazioa, euskara elkarteak eta euskalgintza soziala elkarrekin bultzatzen ari diren gobernantza berrien ereduak mahaigaineratuko dira. Ondoren, Arabako Lautadan, Derion zein Donostian garatutako ereduek hartuko dute lekukoa: tokian tokiko komunitatearen beharrei eta testuinguru espezifikoei erantzuteko garatu dituzten ereduak elkarbanatuko dituzte.

«Eredu berritzaileek irekitako ildoari helduta, eta jardunaldia borobiltzeko, berrikuntza sozialaren gaia ere landuko da, euskalgintza bezalako mugimendu sozialek eraldaketa horretan duten egitekoaren inguruko gogoeta zabalduz», adierazi du Topaldiak.

Horretarako, berrikuntza sozialean aditu Igor Calzada doktorearen hitzaldia entzuteko aukera izango da. Horrekin batera, adibide zehatz baten berri ere emango da: Aiaraldeko Kooperatiba integrala. «Azken esperientzia horren bidez, zeharkakotasunez eta eraldaketa sozialaren ikuspegitik, komunitatearen beharrak nola asetzen dituzten azalduko dute», azaldu du.

Azkenik, jardunaldia ixteko, esperientzien analisia egingo dute, eta etorkizuneko aukerak aletuko dituzte, Joxemi Zumalabe Fundazioko Andere Ormazabalek eta Zesar Martinezek eta Mondragon Korporazioko Iñigo Iñurrategik.