ANDONI ARABAOLAZA

Ia tragedian amaitu da Gasherbrum I mendiko espedizioa

Simone Morok 20 metroko erorikoa izan du artesi batean, baina onik atera da. Espedizioa bertan behera utzi du. Bitartean, Broad Peak-en, Don Bowie eta Denis Urubko 6.700 metrora heldu dira.

Sasoi honetan zortzimilakoetan lanean dauden taldeak kolore guztietako berriak ematen ari dira. Eta horien guztien artean, bada bat ia arnasarik gabe utzi diguna. Tamara Lunger eta Simone Morok osatutako sokadari buruz ari gatzaizkizue. Talde honek Gasherbrum I eta II mendiak lotu nahi zituen. Asmo handia zen, eta iragana aipatzen dugu alpinista italiarrok helburua bertan behera utzi dutelako.

Aitzakiarik ez dute jarri, bai, ordea, erabaki hori hartzeko arrazoi sendoak. Kontua da Lunger eta Morok Gasherbrum I mendian lanean ari zirela istripu larria izan dutela. Bai, espedizio hori ia tragedian amaitu da. Lehen kanpalekura heltzeko glaziarra zeharkatzen ari ziren, eta, "plateau"-tik gertu zeudela, Morok artesi sakon batean elur-zubia puskatu eta 20 metroko erorikoa izan zuen.

Biek ala biek soka gerrira lotuta zuten, eta haien artean 20 metroko segurtasun sekzioa zegoen. Mororen ezbeharrak Lunger artesiaren ertzara eraman zuen; oso gutxiagatik erorikoa saihestu zuen. Baina, zoritxarrez, sokak esku bat harrapatu zuen, eta, nolabait esateko, zorte handia izan zuen bere kideari eusteko.

Nahiz eta kolpe ederra hartu, Morok aukera izan zuen izotz-torloju bat jartzeko, eta bere pisu guztia Lungerren eskutik askatzeko. Eskua oso minduta bazuen ere, soka finkatu eta Moro artesitik irtetzen lagundu zuen. Bi orduko lan eskerga izan zen, baina, azkenean, bi alpinistok istripu larri horretatik onik ateratzea lortu zuten.

Alabaina, Lunger izan omen zen ezbehar horretan ondorio larrienak izan zituena. Eskuan min handia izateaz gain, sikologikoki jota zegoen. Artesitik irten bezain laster, italiarrok kanpaleku nagusira jaitsi eta ebakuatu zituzten. Egoera hori ikusita, espedizioa bertan behar uztea erabaki zuten.

Gogoratu behar dugu ere, neguko zortzimilakoetan Morok izan duen bigarren ezusteko larria izan dela. Duela bederatzi urte, Cory Richards eta Denis Urubkorekin Gasherbrum I lehen aldiz sasoi honetan igo zuen. Jaitsieran, elurrolde batek hirukote hori bete-betean harrapatu zuen, eta han bertan betiko geratzeko zorian egon ziren.

6.700 metrora

Bien bitartean, Broad Peak-eko espedizioak bestelako berriak eskaini dizkigu. Zalantzarik gabe, Lotta Hintsa, Don Bowie eta Denis Urubko lan ederra egiten ari dira. Aurrerapen interesgarriak, alegia. Joan den 17an, bigarren kanpalekua (6.400 m) antolatu eta gaua han igaro zuten. Biharamunean, berriz, beste 300 metro eskalatu zituzten, eta, beraz, momentuz kota garaiena erdietsi dute: 6.700 metro.

Kanpaleku nagusira heldu bezain laster, Urubkok aurreratu zuen irteera hori oso positiboa izan dela: «Eguraldi ona izan dugu, eta arazorik gabe bigarren kanpalekura iritsi ginen. Beste 300 metro horiekin uste dugu urrats garrantzitsua egin dugula. Korridore tente bat gainditu genuen, eta izotz "plateau"-aren sorbaldara ia iritsi ginen. Eguraldia okertzen ari zenez, lan hori amaitutzat eman genuen. Antza denez, bihar eta batez ere etzi eguraldia egonkortuko da, eta aztertuko dugu gure hurrengo urratsa zein izango den».

Gogoratu behar dugu Broad Peak mendia neguan igo dela. Hain zuzen ere, lehenak zortzimilakoaren tontorrean Adam Bielecki, Artur Malek, Maciej Berbeka eta Tomasz Kowalski poloniarak izan ziren. Lorpen hori 2013. urteko martxoaren 3an lortu zuten. Urubok, ordea, dio ez zela neguko benetako igoera izan. Bere ustetan, neguak abendutik otsailera arte du epea. Hots, negu astronomikoari garrantzia eman ordez, negu meteorologikoan oinarritzen da.