NAIZ

LABek ontzak jo du gizarte zerbitzuen ratioak hobetzeko nafar Parlamentuaren konpromisoa

Sindikatuak azken urte eta hilabeteetan egin dituen ekimenen ondorioz, goizean mozio bat eztabaidatu -eta onartu- dute Nafarroako Legebiltzarrean, ratioen dekretuaren aldaketa barnebiltzen zituena. Aurrekontuetan Esku-Hartze Sozialeko hitzarmenerako diru partida bat gordetzeko Parlamentuaren konpromisoa ere positiboki baloratu du.

LABek antolatutako elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (@LABnafarroa)
LABek antolatutako elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (@LABnafarroa)

Mozioa eztabaidatzen zen bitartean, ehun bat lagunek Parlamentuaren aurrean egindako protestaren bitartez 1991ko dekretu «deseguneratua» berritzeko exijitu dute. Izan ere, sindikatuak lau urte daramatza dekretu hori aldatzeko eskatzen.

Gaur egun, desgaitasunari, adingabeei, familiari, hirugarren adinekoei eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko gizarte-zerbitzuetako plantillek «gehiegizko lan-kargak» dituztela eta «horrek haien osasuna kaltetzen» duela salatu du LABek. «Errealitate soziala izugarri aldatu da 30 urtean, eta gizarte zerbitzuek gaur egungo beharrei ematen dieten erantzuna eguneratu egin beharko litzateke», gaineratu du.

Legebiltzarraren konpromisoa lortu ondoren, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio deitzeko, «dekretu berria negoziatu ahal izan dezagun». Agendan jartzea beharrezkoa dela nabarmendu du, «egutegia egitea eta lan egitea gizarte zerbitzuetan langile eskasia historia izan dadin» eta «gizarte- zerbitzuak eta horien kalitatea prekarietatean, langile-gabezian eta langileen osasun-galeran oinarritu ez daitezen».

Esku-Hartze Sozialeko hitzarmena

Mozioan jorratutako gaietako bigarrenean, Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmenaren negoziazioan inplika dadila, baita 2020ko aurrekontuetan hori bermatu dezala ere, inplementatu ahal izateko.

Parlamentuko eztabaida baino lehen, LABek talde guztiei eskatu zien jatorrizko mozioari bi zuzenketa egitea. Bi zuzenketok sartu zituzten, eta gaur onartu dituzte. «Horien bidez Gobernua premiatzen da kontratuak edo itunak ekonomikoki egunera ditzan eta, halaber, baldintza-agiri berriek nahitaez bete beharrekoak jaso ditzaten», azaldu du LAB-ek.

Saioaren ondoren, «pozez» esan du sindikatuak bere bi proposamenak «Na+, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdien babesei esker onartu direla»; bestalde, nahiz eta publikoki aldeko iritzia agertu, «kezkaz» ikusten du sindikatuak «nola gaur PSN eta Geroa Bai abstenitu diren». «Espero dugu Nafarroako Gobernuak gaurko akordioa aintzakotzat hartzea eta bere gain hartzea gaur egun lortu den parlamentu-agintaldi berria», gaineratu du.

Urtarriralen 30eko greba orokorra

Bestalde, urtarrilaren 30eko greba orokorarri begira, LABek sindikatua «lantokietan antolatzeko, hauteskunde sindikalak egiteko, afiliatzeko eta lan, pentsio eta bizitza duin baten alde borrokatzeko tresna» dela azaldu du, «lortzen ditugun hobekuntzak gure ahalegin eta borrokaren emaitza» izango direla gaineratuz.

«Gobernuak eta ugazabek ez dute amore emango gure bultzadagatik eta behin eta berriz saiatzeagatik ez bada», azpimarratu du LABek, eta urtarrilaren 30ean «kaleak beteko» dituztela abisatu du.