Oihane Larretxea
Donostia

Daniel Txopitearen hogei margolan «zainduko» ditu Gordailuak

Daniel Txopitea (Ermua, 1950) artistaren hogei margolan Gordailuan utziko dira familiak hala erabakita, alargunak eta alabak uste baitute hori dela bere obra zaintzeko modurik onena. Komodatu erregimenean izango da, hamar urtez; alegia, titulartasunak familiarena izaten jarraituko du baina erakusketatan erabili ahalko dira.

Gordailuak eta Txopitea familiak akordioa sinatu dute gaur. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Gordailuak eta Txopitea familiak akordioa sinatu dute gaur. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Goizegi ailegatu zitzaion heriotza Daniel Txopitea artistari, 1997. urtean. 47 urte baino ez zituela zendu zen minbiziaren ondorioz. Gazte joan zen baina ibilbide oparoa izan zuen, eta anitza. Eskultura, pintura eta literatura landu zituen, baina bere jakinmin artistikoak harago joan ziren. Besteak beste Debako Eskola deritzonaren parte izan zen eta Gorutz taldea sortu zuen, Fernando Beorlegi eta Iñaki Larrañagarekin batera. Donostiako Altxerri arte galeria ere zuzendu zuen, 1987 eta 1990 urteen artean. Baina hau guztia egin zuenaren sintesi bat baino ez da.

Utzi zuen obra eta ondarea handia da, hori ondo zaintzea da lehentasuna. Bide horretan, familiak, haren alargunak eta alabak, Gordailuaren eskuetan uztea erabaki dute. Akordioaren berri gaur goizean eman dute Gipuzkoako Aldundian. Azaldu dutenez, hogei koadro dira, 1973 eta 1996 urteen artean margotutakoak.

Sinatutako akordioa komodato deritzon erregimenean egin da, eta hamar urteko iraupena izango du, luzatzeko aukerarekin. Honen arabera, koadroen jabetza familiarena izango da baina Gordailuak zaindu eta kontserbatuko dituenez, erakusketetarako maileguan uzteko eskumena izango du. Gainera, bost urte pasata, familiak margolan bat dohaintzan emango dio Gordailuari.

Ainize Txopitea margolariaren alaba bakarrak azaldu duenez, hilaren 27an beteko dira 22 urte zendu zela, eta otsailean 70 jaio zela. Urteurrenaren bueltan hartu dute erabakia. «Ni ere artista naiz eta dena gordetzeko zegoen espazio arazo logikoaz aparte, garrantzitsua zen guretzat aitaren obra ondo zaintzea. Baina ‘gorde’ baino nahiago dut esan aitaren obrak beste batzuen artean egiten duela lo orain».

Gordailuaren eta Aldundiaren aldetik, Carlos Olaechea eta Denis Itxasok, hurrenez hurren, aurrerantzean bere obra ezagutarazteko duten ardura aipatu dute, zentzu batean egitasmoak bokazio publikoa duelako. Koadro batzuek behar dituzten zaharberritze lanak ere erakunde publikoaren esku geldituko dira, baina horietan ere familiak parte hartu ahal izango du.