Bera Berak sei puntura urrundu nahi du Atletico Guardes

Donostiarrek A Sangriña bisitatuko dute ostiral gauean (21.00) lidertza sendotzeko asmoarekin. Galiziarrak albiste izan dira astean zehar, arazo ekonomikoen erruz zuzendaritza batzordeak dimisioa aurkeztu baitu.

NAIZ|2020/01/23
Imanol-alvarez
Imanol Alvarez, iazko partida batean (Idoia ZABALETA / FOKU)

Super Amara Bera Berak neurketa garrantzitsua bezain zaila jokatuko du ostiral gauean, 21.00etan A Sangriña pabiloian, sailkapenean bigarren postuan dagoen Atletico Guardes taldearen aurka.

Donostiarrek 19 puntu dituzte sailkapenaren buruan, eta galiziarrak lau puntura daude, 15ekin. Gaur irabaziz gero, tartea sei puntura irekiko litzateke eta Liga irabazteko aurkari bat asko urrunduko lukete Imanol Alvarezen neskek.

Gainera, kontuan izan behar da egunotan albiste izan dela Atletico Guardes ez oso arrazoi pozgarriengatik. Antza denez, Mecalia babesle nagusiak huts egin die Pontevedrakoei eta, arazo ekonomikoak etorriko direla ikusita, zuzendaritza batzordeak dimisioa aurkeztu berri du.

Burua galdu gabe

Imanol Alvarez entrenatzaileak, ordea, ez du horrelakoetan pentsatu nahi, eta neurketa buru-belarri prestatu dutela adierazi zuen asteazkeneko bere prentsaurrekoan.

«Partidak 60 minutu irango duela jakin behar dugu, zailtasunak izango ditugula une batzuetan, eta horregatik, buru hotz mantendu behar dugu eta partidako planari heldu ahalik eta denbora gehienean. Hori guztia egiten badugu oso talde gogorra gara», esan zuen.

Bera Berak Nekane Teresen hutsunea izango du, baina Alvarezen hitzetan taldea ongi iritsiko da neurketara. «Ondo iritsiko gara, partida ona egiteko irrikan gaude, iazko porrotak utzitako arantza kentze aldera». Hala izan dadila.