NAIZ
GASTEIZ

Gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko kanpaina abiatu du Osakidetzak

Gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko kanpaina jarri du abian Lakuako Gobernuko Osasun Sailak eta Osakidetzak, herritarrei elikaduraren alorreko ohitura osasungarrien berri emateko. Pediatriako kontsultetan tratamendu berri bat garatzen hasiko dira.

Obesitateari aurre egiteko kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)
Obesitateari aurre egiteko kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. (Juanan RUIZ/FOKU)

Nekane Murga Osasun sailburuak aurkeztu du Osakidetzak obesitateari aurre egiteko abian jarri duen kanpaina eta urteko lehen seihilekoan aplikatzen hasiko den sistema berria, aurrez aurreko kontsultak eta teknologia berriak uztartuko dituena.

Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak laguntza materialak argitaratu dituzte herritarrei elikaduraren arloko ohitura osasungarrien berri emateko, gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko xedearekin. Informazio kanpainaren gai nagusia plater osasungarria da, eta modu grafikoan jasotzen da elikadura osasungarria lortzeko egunean zehar elikagai-taldeak zer proportziotan jan behar diren: %50 fruta eta barazkiak; %25 karbohidratoak, hala nola zerealak, patatak edo pasta; eta %25 proteina osasungarriak, arraina, arrautzak, fruitu lehorrak, haragi bigunak eta esnekiak txandakatuta.

Plater osasungarria hainbat euskarriren bidez iritsiko da herritarrengana: olanak osasun-zentroetako fatxadetan, kartelak, azalpen-triptikoak, prentsako iragarkiak eta bideoak sare sozialetan. Horrekin batera, Pediatriako kontsultek, elikadura osasungarriari buruzko osasun-aholkua egitean, plater berrerabilgarriak izango dituzte, familiei informazio grafikoarekin emateko, eguneroko elikadura prestatzeko garaian lagun diezaieten. 

Informazio kanpainarekin batera, haurren gehiegizko pisua eta obesitatea lantzeko tresna berri bat aurkeztu du Murgak. Tratamendu berri bat da, El Mangolsen bidaia izenekoa, eta aurrez aurreko kontsultak eta teknologia berriak konbinatzen ditu. ESI guztietan garatuko da urteko lehen seihilekoan, baina mailaka, 40 profesionaleko talde batetik hasita (pediatrak eta pediatren erizainak). 

Tratamendu horrek Serious Games metodologia erabiltzen du tresna gisa –prestakuntza-jolasak ere esaten zaio–, eta helburu du haurrak eta familiak ahalduntzea, «paziente aditu bihur daitezen». Horretarako, elikadurari, jarduera fisikoari, autoestimuari, aisialdi aktiboari edo etiketen irakurketari buruzko «ebidentzia zientifiko handiko ezagutzak» helaraziko zaizkie, besteak beste. Jokoa pazientearen historia digitalarekin integratuta egongo da, eta horrek aukera emango dio osasun arloko profesionalari hurrengo maila aktibatzeko eta haren bilakaera monitorizatzeko.

2017ko Osasun Inkestaren arabera, EAEko haurren %34k obesitatea edo gehiegizko pisua du.