Dabid Lazkanoiturburu

Libiarekin muga duten herrialdeak bildu dira Aljerren

Libiarekin muga duten bost herrialdeetako gobernuen ordezkariak Aljeriako hiriburuan bildu dira gaur, gerra ekidin eta irtenbide politiko bat bilatzeko. Hala ere, Libian aurrez aurre dauden bi aldeek ez dute ordezkaritzarik bidali.

Aljeriako Gobernua bitartekaritza lanak egiten ari da. (Ryad KRAMDI/AFP)
Aljeriako Gobernua bitartekaritza lanak egiten ari da. (Ryad KRAMDI/AFP)

Aljeriako Gobernuak Libiarekin muga egiten duten bost herrialdeetako Kanpo Arazoetarako ministroak hartu ditu Aljerren deitu duen gailurrean. Tunisiako, Egiptoko eta Txadeko Kanpo Arazoetarako ministroak bertan egon dira, baita Sudaneko eta Nigerreko diplomatikoak ere.

Ordezkari bakoitzak hitza hartu du gailurraren hasieran baina gero bilera itxian elkartu dira hitz egiten jarraitzeko. Bertan egon da, halaber, Heiko Maas Atzerri ministro alemaniarra eta aurreko igandean Berlinen izan zen nazioarteko konferentzian adostutakoaren berri eman die.

Hala ere, Libiako gerran aurrez aurre dauden bi aldeek ez dute ordezkaritzarik bidali Aljerrera; GNA Tripoliko gobernuburua, Fayez al-Sarraj, eta Jalifa Haftar mariskala Berlinen egon ziren baina ez ziren bata bestearekin bildu.

Egoera oso larria den seinale, atzo bertan itxi egin behar izan zuen Tripolik duen aireportu bakarra, Mitigakoa, Haftarren indarrek misilak jaurti ondoren.

Bitartekaritza lanak

Aljeriako Gobernuak jakitera eman duenez, Maliko diplomazia burua ere bertan izan da, Libiarekin muga ez duen arren «krisiak eragina baitu inguruko herrialdeetan». Marokoko Gobernuak, aitzitik, ez du ordezkaritzarik bidali.

«Denek eskatzen digute Aljeriaren bitartekaritza. Horrek indarra ematen digu (…) Libian bakea gurean bakea delako», aldarrikatu du Abdelmadjid Tebboune presidenteak prentsaurrean.

Tebboune Berlinen egon zen gonbidatua.

Ez batarekin ez bestearekin, Aljeria beti azaldu da kanpoko injerentzien kontra baina buru-belarri sartu da bitartekaritza lanetan.

Izan ere, 1.000 kilometrorako muga partekatzen du Libiarekin Aljeriak eta, gainera, zer esan handia du Saheleko herrialdea pairatzen ari den jihadismoaren erasoaldiari aurre egiteko.

Jean-Yves Le Drian Estatu frantseseko Kanpo Arazoetarako ministroa asteartean izan zen Aljerren eta Aljeriaren «ekimen diplomatikoak txalotu zituen».

Igandean Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea espero da Aljerren. Ankarak GNA babesten du. Gaur bertan egon den Egiptok Haftar mariskalari laguntzen dio, armekin eta hegazkinekin.