NAIZ
GASTEIZ

ERC, JxCat, CUP eta BNG-ko zenbait hautetsik Sortuko kideen atxiloketak salatu dituzte

ERC, JxCat, CUP eta BNG alderdietako zenbait hautetsik, besteren artean Carles Puigdemontek, Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia Sortuko ordezkarien atxiloketak salatu dituzte. 

Haimar Altuna, aske geratu berritan. (Jagoba Manterola / FOKU)
Haimar Altuna, aske geratu berritan. (Jagoba Manterola / FOKU)

ERC, JxCat, CUP eta BNG alderdiko hautetsi talde batek aste honetan izandako atxiloketak salatu dituzte. Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, Gurdia Zibilak Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atxilotu zituen iragan asteazkenean. Aske geratu ziren Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ondoren.

Laura Borras (JuntsXCat), Alberto Botran (CUP), Miriam Nogueras (PDCat), Carles Puidemont (JuntsXCat), Nestor Rego (BNG), Diana Riba (ERC), Jordi Salvador (ERC), Maria Sirvent (CUP), eta Joan Tarda ERCko diputatu ohiak sinatu dute “Bakea eta Demokrazia” izena duen adierazpena.

«Testu honen sinatzaileok urtarrilaren 22an Euskal Herrian lau pertsona atxilotu izana oinarrizko eskubideen urraketa berri bat dela salatzen dugu, eta, gure ustez, ez da kasualitatea atxiloketak euskal gizartean espetxe-politikaren aldaketaren alde inoiz baino adostasun handiagoa dagoen unean gertatzea», diote Kataluniako eta Galizako ordezkariek.

Eta atxiloketa horiek «bultzada politiko hutsari» erantzuten diotela salatu dute sinatutako testuan. Nabarmentzen dutenez, «Estatu espainolean, balizko konponbide politiko eta demokratikoak ekarriko dituen ekintza politikoa baldintzatzen saiatzeko, Estatuaren beste saiakera baten aurrean gaudela dirudi».

«Horregatik, testu honen sinatzaileok dei egiten diegu eragile guztiei gertaera larri horien aurrean erantzutera eta presoen auzia konpontzeko ahaleginak biderkatzera, eta estatuko gatazken konponbide politiko eta demokratiko baterantz aurrera egitera», gaineratzen dute gaur bertan argitaratu duten agirian.