NAIZ

Garaiz suspertu da Lointek Gernika Hungarian, 17 puntu azpitik hasi ondoren

Susto itzela hartu du hasieran Lointek Gernika Hungarian, baina garaiz eta oso indartsu suspertu da, markagailua irauli eta EuroCupen aurrera egiteko. Valencia izango du aurkari final zortzirenetan. 79-75 nagusitu dira etxekoak, baina 18 puntuko aldea gainditzetik urrun.

Lointek Gernikaren ospakizuna, Hungarian. (Lointek)
Lointek Gernikaren ospakizuna, Hungarian. (Lointek)

Giro beroa espero zuen Gernikak Hungarian, Malostetik eramandako 18 puntuko aldeak balentria handia eskatzen baitzion Szekszardi, eta halaxe gertatu da partidaren hasieran. Bigarren laurdenaren erdialdian, iazko Galatasarayren mamua ageri da kantxan, 17 puntu azpitik izan baita talde bizkaitarra (34-17). Hortik aurrera, aldiz, ez da partidurik izan. Erreakzio itzela izan dute Mario Lopezen esanetara diren jokalariek.

Ocete, Dietrick, Wojta, Arrojo eta Milicekin osatu du hasierako boskotea Gernikak, inolako konfidantzarik gabe beraz, baina kosta egin zaio partidan sartzea: 7-0, 11-2 (Lopezek etena eskatu du hemen, egoera bideratzen lortu gabe), 26-13 eta 34-17 erakutsi ditu markagailuak, beti hungariarren alde.

18 puntuko aldea ezerezean gelditzear zen unean heldu da gernikarren berpiztea, eta nolakoa! Anotazio mailan bigarren laurden horren bukaera bikaina eginez, 42-36 lasaigarriaz etorri da atsedenaldia. Hortik aurrera, gainbeheran joan dira etxekoan eta goruntz bizkaitarrak. Blake Dietricken saskiratzeak erabakiorrak izan direlarik, hirugarren laurdenaren bukaerara markagailua alde zutela heldu dira euskaldunak: 57-61.

Jada ez zen ustekabeetarako tarterik. Azken ahalegina eginez (eta hiruko saskiratze bat azken segunduan lortuz), garaipena azkenik etxekoentzat izan da, baina 79-75koak final zortzirenetako txartela eman die gernikarrei. Ederki ospatu dute kantxan. Orain aski ezaguna duten Valencia zain da.