NAIZ

Armarik gabeko mundua irudikatu du Iban Zaldua idazleak ‘Zirriborroak eta gero’ proiektuan

‘Zirriborroak eta gero’ proiekturako fabula bat idatzi du Iban Zalduak, larunbat honetan hasita Arabako hainbat herritako taberna eta kultur etxetan doan zabalduko dutena. Otsailaren 7tik aurrera, berriz, Whatsapp eta Telegram bidez zabalduko dituzte testu zein audiozko bertsioak.

Iban Zaldua da proiektura gonbidatu duten azken idazlea. (Maialen ANDRES / FOKU)
Iban Zaldua da proiektura gonbidatu duten azken idazlea. (Maialen ANDRES / FOKU)

Iban Zalduak ‘Bisita bat Arma Museora" narrazioa idatzi du ‘Zirriborroak eta gero’ proiekturako. Proiektu honek idazle desberdinak gonbidatzen ditu etorkizuna nolakoa izango den deskribatzen duten testuak idatzi eta, bide horretatik, egungo gizarteak dituen erronkei erantzuna emateko alternatiba literarioak eraiki ditzaten.

Iban Zaldua Euskal Label Armak Gerrarako plataforman inspiratu da bere parte hartzerako. Kolektibo antimilitarista desberdinek osatzen duten plataforma horren helburua armagintza gure ingurunearen parte dela agerian uztea da eta horrek eragiten duen kaltea ikusaraztea.

‘Bisita bat Arma Museora’ bi kapitulutan banatutako fabula bat da. Zientzia fikzioa Zalduak asko estimatzen duen generoa denez, fabularen bi atal horiek genero horren erreferentea den Ursula K. Le Guin-ek idatzitako aipu banarekin nahasten dira. Aipamen horietatik abiatuta proposatzen du istorioa idazle donostiarrak, eta Gorka Olmoren laguntza izan du bere ideiak ilustratzeko.

Ipuina bertsio inprimatuan banatuko da gaur Arabako hainbat herrietako taberna, kultur etxe eta pasabidetan, doan. Otsailaren 7an, berriz, testua eta honen audio bertsioa Whatsapp eta Telegram bidez zabalduko dira. Horiek jasotzeko izena eman behar da ‘Zirriborroak eta gero’ proiektuaren webgunean.

‘Zirriborroak eta gero’ Azala sorkuntza artistikorako gunearen ekimena da. Honek hiru ardatzetan egiten du lan: ikerketa, prestakuntza eta sorkuntza.