Maite Ubiria

Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak «tresna kutxa» jarriko dute hautagaien eskura

Martxoaren 15 eta 22an herri hauteskundeak izanen dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin. Iragan azaroan Gasteizen aurkezturiko protokoloan oinarrituz, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak Ipar Euskal Herriko egoerari egokitutako «tresna kutxa» prestatu dute herriko etxeetan hizkuntz eskubideak bermatze aldera hautagaien esku aukera sorta jarriz. Gaur iluntzean aurkeztuko dute.

 

Haizpea Abrisketa eta Paul Bilbao, Kontseiluko ordezkariak. (Guillaume FAUVEAU)
Haizpea Abrisketa eta Paul Bilbao, Kontseiluko ordezkariak. (Guillaume FAUVEAU)

2016ko abenduan Europako 30 hizkuntza komunitateko ehundik gora eragilek Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa aurkeztu zuten Donostiako Kursaal Jauregian.

Iragan azaroan, berriz, protokoloaren udal garapena aukeztu zuen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Gasteizko Euskararen Etxean egindako ekitaldian.

Ipar Euskal Herrian heldu den martxoan iraganen diren herriko etxe eta Euskal Elkargorako bozetara begira urrats berria eman dute, oraingoan, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak.

Hiru lurraldetako egoera eta erronkei egokituriko dokumentu batean «hizkuntza politikak jaso beharreko helburuak, mugarriak eta neurriak» zehazten dira.

Proposamen horren bidez «erreztasunak eman nahi dizkiegu martxotik aitzin herriko etxeetan gobernatuko duten hautetsiei hizkuntza-politika ausartak martxan jarri ditzaten», azaldu dio NAIZi Ipar Euskal Herrian Kontseiluko ordezkaria den Haizpea Abrisketak.

Adostasunetik euskarari bide berriak zabaltzera

«Ipar Euskal Herrian euskararen inguruan adostasun zabala dago, dagoeneko eremu instituzionalean, herriz herri, hainbat egitasmo martxan daude, eta hizkuntza politika martxan jartzeko engaiamendua hartua du Euskal Elkargoak», oroitarazi du Abrisketak, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak bultzatu duen dinamika lan hori osagarritzera datorrela nabarmenduz.

Euskara ez da hizkuntz ofiziala Ipar Euskal Herrian eta horrek muga handiak ezartzen ditu. Hala eta guztiz ere, «ofizialtasuna ez egoteak ez duela esan nahi ezin direla neurriak hartu», argiki adierazi du Paul Bilbaok.

Hainbat arduradun politikoekin izan dituzten bileretan «horietako batzuk ofizialtasuna ez bada ere %90a egin daitekeela esatera heldu direla», jakitera eman du Bilbaok.

Adierazpen horri helduta, «tresna kutxa» osatu dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak, hala martxotik aitzin Iparraldeko tokiko erakundeak kudeatuko dituzten ordezkari politikoen esku euskararen aldeko politika integralak garatze aldera «neurri sorta» eskura jarriz.

Euskal hiztunen eskubideak bermatzeko zerbitzu eta komunikazio alorretan eragitea premiazko bada ere, «erakundeen baitan euskaraz lan egiteko bidea jorratzeko beharra» ez dute bistaz galdu.

Hauteskunde kanpainiaren atarian

«Hainbat hautetsirekin bildu gara dinamika martxa jarri aitzin eta Baionan antoatu dugun aukezpen ekitaldiaren bidez interpelazio fasea zabalduko dugu», iragarri du Bilbaok.

Hala, gaur ostegunean hautetsiekin eta euskalgintzako beste hainbat eragilerekin hitzordua hartu dute, 19.00tan Merkatal eta Industria Ganberako egoitzan, Baionan.

Bertan aipaturiko bi eragilek hautetsiei zuzenduriko engaiamendu proposamena aurkeztuko dute. Ondoko asteotan enplazamendu horri hautagaiek emandako erantzunak jaso eta Euskal Elkargoaren esku jarriko dituzte.

«Engaiamendu orokorra eskatuko dugu, dinamika honek euskararen alde dagoen adostasun zabala nahi duelako islatu, baina, era berean, hitzetatik ekintzetara pasatzeko azpimarratuko dugu egitasmo honen bidez», laburbildu dute ekimenaren bultzatzaileek.