NAIZ
Donostia

Ardi latxaren artilearekin egindako kirol-jantzietarako isolatzaile termikoa aurkeztu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ternuak latxa ardiaren artilearekin egindako kirol jantzietarako isolatzaile termikoa aurkeztu dute gaur Donostian. «Hondakin hau gure arropentzako lehengai bilakatuko dugu», adierazi du Edu Uribesalgok, Ternuako Berrikuntza saileko zuzendariak.

Ardi latxaren artilearekin kirol-jantzietarako kalitatezko isolatzaile termikoa aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian. (FORU ALDUNDIA)
Ardi latxaren artilearekin kirol-jantzietarako kalitatezko isolatzaile termikoa aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian. (FORU ALDUNDIA)

Iletegiak, artilea prozesatzen espezializatutako Ipar Euskal Herriko enpresak eman dituen datuen arabera, ardi bakoitzeko 2,5 kilogramo artile sortzen da. Urtean, 625 tona artile sortzen dira, 2.000 tona Euskal Herri osoan. Izan ere, ehungintzaren sektorean zuntz sintetikoak izan duen gorakadaren eta etxaldeen sakabanaketaren ondorioz, azken hamarkadetan artilea erabilerarik gabe geratu dela ohartarazi dute gaur Donostian Foru Aldundiak eta Ternuak egin duten agerraldian Latxa Artile proiektua aurkezteko. Arazo hori, ardi latxaren artilearen kasuan larriagotu egiten dela nabarmendu dute, arazo horretako ardien bereizgarri den artilea astuna eta lantzen oso zaila delako.

«Urteak daramatzagu lanean Frantzian artilea prozesatzen duten industriek gure latxa artilearekin zerbait fabrikatzeko bilatzen, baina beti erantzun negatiboa jaso dugu, ardi latxaren morfologia eta zakartasuna direla eta. Hori horrela, erronka gure gain hartu genuen eta makina bat erosi ondoren, gure beharretara egokitu dugu. Azkenean, ezinezkoa zela zioten hori errealitate bihurtzea lortu dugu», plazaratu du harrotasunez Aña Andiazabalek, Iletegia enpresako kideak.

Latxa Artile proiektua garatzeko Antzuolan kokatuta dagoen Lamariano azpikoa baserria aukeratu dute. Gazta ekologikoa ekoiztu eta ardi latxak zaintzen dituzte Txomin Alberdik eta Amaia Laskurainek. «Oso pozik gaude ekimen honetan parte hartzeagatik, gure sektorearentzako bultzada bat delako eta ilusio handia egiten digulako gure ardien artilea Ternuako produktuen zati bat izatea», plazaratu dute.

Ternuako Berrikuntza saileko zuzendari Edu Uribesalgok Artileshell teknologia sortu dutela azaldu du. «Hondakin hau gure arropentzako lehengai bilakatuko dugu eta bide batez, gure erabiltzaileak ingurumenarekin eta gizartearekin arduratsua diren erosketek duten garrantziaren inguruan kontzientziatuko ditugu», helarazi du.