naiz
Bilbo

Apustu etxeen aurkako mobilizazioa deitu dute Bilbon, otsailaren 28an

Eraginek manifestazioa deitu du Bilbon, otsailaren 28an, apustu etxeen aurka. «Egunerokotasuean langileriarentzako gaitz arriskutsua dela uste dugu, batez ere gazte langileontzako», adierazi dute ohar baten bidez.

Apustu etxeen kontrako manifestazioa Bilbon.
Apustu etxeen kontrako manifestazioa Bilbon.

Apustu etxeen aurka Bilboko kaleetara aterako dira herritarrak otsailaren 28an, Eraginek deituta. Zabalburu plazatik abiatuko da mobilizazioa, 19:30ean, eta Errekalden izango du amaiera.

«Manifestazio horren aldarriak edonork partekatu ditzakeen minimoak direla deritzogu: apustu lokalak eskoletatik urruntzea, interneten erregulazioa egotea, enpresei zergak igotzea, kalteordainak jokoaren ondorioak pairatu dituztenentzat, publizitatearen debekua eta ordutegi murriztua izatea», adierazi dute ohar baten bidez.

Azken hilabeteetan apustu etxeen aurkako hainbat ekintza egin ditu Eraginek. Besteak beste, Bilboko Udaletxean aurkeztutako mozioa, hitzaldiak edo asanbladak: «Egunerokotasuean langileriarentzako gaitz arriskutsua dela uste dugu, batez ere gazte langileontzako», gehitu dute.

Udalean mozioa aurkeztu bazuten ere, agintariek «eginkizunak ez dituztela bete» adierazi dute eta bide horretan lanean jarraitzeko beharra nabarmendu dute antolatzaileek. «Gure hiria apustu zein joko aroteak nonahi daude. Larrialdi honen aurrean gazteok kaleak hartzeko beharra dugu, haserrea antolatzeko unea».

Iragan larunbatean Iruñean izan zen apustu etxeen aurkako manifestazioa eta hilaren 28an, berriz, bizkaitar hiriburuan deitu dute.