Haritz LARRAÑAGA

Itsasgoran izan daitezkeen kalteei aurre egiteko hondar zakuak jarri dituzte Biarritzen

18.00etan izango den itsasgoran olatuek eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko hondar zakuekin osatutako horma bat eraiki dute Biarritzen. Lapurdiko kostaldean higaduraren ondorioak geroz eta nabarmenagoak dira, horregatik, olatuak handiak direnean eta itsasaldien koefizientea altua denean neurri bereziak hartzen dituzte.

Hondar zakuekin osatutako horma eraiki dute Biarrizko Hondartza Handiko pasealekuan. (Guillaume FAUVEAU)
Hondar zakuekin osatutako horma eraiki dute Biarrizko Hondartza Handiko pasealekuan. (Guillaume FAUVEAU)

Olatu handiak eta itsasaldi biziak. Bi osagai hauek bat egiten dutenean gupidarik gabe kolpatzen dute, bestela ere higaduraren ondorioz, kalte handiak jasaten ari den Lapurdiko kostaldea. Biarrizko Hondartza Handian hondar zakuak erabiltzen dituzte itsasgoran pasealekura igotzen diren olatuei aurre egiteko, eta gaurkoan bezala, ohikoa bilakatzen ari da olatuen kontrako «barrikada» negu sasoian.

Pasa den igandean izan zen ilbetea, beraz itsasgora-koefiziente altuena atzo izan zen, baina gaur ere itsasgora koefizienteak oso altua izaten jarraitzen du, eta olatuak atzo baino handiagoak direnez, itsasgoran olatuek eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko Biarrizko Udalak hartzen dituen neurriek indarrean jarraitzen dute. Pasealeku aitzinean biltzen duten hondarrarekin zakuak bete eta horma bat osatzen dute.

Gainera, hondeatzaileek zakuak hondarrez betetzeko egiten duten zuloarekin langa bat ere osatzen dute. Ordea, itsasoak gora egin ahala, hondartzan eraikitako langa azkar desagertzen da eta olatuek ez dute lur hartzeko eragozpen handirik izaten, horregatik ezartzen dituzte hondar zakuak pasealekuan zehar.

Higaduraren ondorioak

Biarrizko Marbela hondartzan eta Bidarteko Ilbarritz hondartzan, itsasoak eragindako higadura eta kalteak geroz eta nabarmenagoak dira, ondorioz kostaldeko auzokideengan kezka handia sortzen du aferak, haietako askok urte batzuen buruan haien etxebizitza galtzeko arriskua izan baitezakete.

Itsasoak eragindako higadurak izan ditzakeen ondorioen beste adibide bat Hendaia eta Sokoa arteko kostaldea da. Urteek aurrera egin ahala, Erlaitzako errepidea eta itsasoaren arteko distantzia murriztuko ditu hogadurak, eta une batean errepidearen erabilera ezinezkoa bilakatuko da.