Vicente Ameztoyren «mundu klorofilikoak» Arte Ederren Museoa belarrez bete du

Vicente Ameztoyren (Donostia, 1946-Villabona, 2001) naturaz blaitutako iruditeri surrealista, bitxi eta aztoratzailea bildu eta lantzen duen atzera begiradako erakusketa Bilboko Arte Ederretako Museoko aurtengo denboraldirako hitzordu nagusienetakoa izango da. Ameztoyren «unibertso klorofilikoak» bihar zabalduko ditu ateak.

Amaia EREÑAGA|2020/02/11
Captura_de_pantalla_2020-02-11_a_las_13.40.00
Vicente Ameztoyren autorretratu bat. Luis JAUREGIALTZO / FOKU

Gutxitan ikusi ahal izan da Ameztoyren lana bere orokortasunean. Hori izan da erakusketa honen xedea. Aurretik Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan ikusi ahal izan da, egia da, baina gurera zabalago eta osatuagoa dator, guztira egile honen ibilbide osoa biltzen dituzten 53 lan esanguratsu eta garrantzitsuenak ekarri dituztelako.

Margolanez gain, paperean egindako zenbait obra (kartelak, marrazkiak), collage-kutxak eta baita film labur bat, ‘Miradas’ (1969) izenekoa, ikusi ahal izango dira. Zinema eta komikia arte herrikoiak oso gustokoak zituen margolari gipuzkoarrak, horregatik eragin handia izan zuten bere unibertsoan… eta Vicente Ameztoyk berak begiratzeko modua, era berean, zineman oihartzuna izan zuen. Esaterako, Julio Medemen ‘Vacas’ (1992) luzemetraian.

Ameztoy «Billabonako Arcimboldo» bezala definitu du, umore zantsu batekin, Miguel Zugazak, museoko zuzendaria. XVI. mendeko margolari italiarrak lorez, aberez eta fruituez bete eta osatu zituen bere erretratuak. Gipuzkoarrak, ordea, gure zelaietako belarrak, baserrietako metak eta basoetako adarrak erabili zituen, batez ere 80. eta 90. hamarkadetan, hain ospetsuak egin ziren margolak josteko.

Ameztoyrekin zera gertatu zen; kritikoen onespena eta publikoaren maitasuna zuen arren, zirkuitotik kanpo gelditu zela. Batez ere, astiro eta denboraz, tentuz eta gustora lan egitea maite zuelako.

Aurreko belaunaldiko euskal artisten hizkuntza abstraktua baztertu, eta 60. hamarkadako euskal artea zeharo eraldatu zuen figurazioaren alde egin zuen Vizente Ameztoyk. Figurazioari heltzeko modu desberdina zen, halere, misterio eta ironiaz beteta. Irudi kezkagarriak eta ohiz kanpokoak gauzatu zituen, beti ere natura abiapuntua hartuta, baina paisaia osagai aztoratzaile bihurturik.

Erakusketaz gain, katalogo oso bat egin da Ameztoyren ibilbide artistikoa hobeto ulertzeko, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxagaren testuekin, besteak beste. Horrez gain, liburu bat argitaratu da, Javier Viarrek idatzita –museoko zuzendari ohiak lan handia egin du azken urteetan Ameztoyren inguruan, Miriam Alzuri komisarioarekin batera– eta museoaren webgunean kronologia zabal bat zintzilikatu dute, euskaraz eta gaztelaniaz.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.