NAIZ
GASTEIZ

Zientzian emakumeen «kide ez» izatearen sentimendua, Emakundek lagundutako ikerketa batean

«Matematikaren eta fisikaren arloetan emakumeen diskriminazioa iraunarazten edo aldatzen laguntzen duten fenomenoen analisia» da Emakunderen laguntzarekin argitaratu berri den ikerketa lana. «Tratu ezberdina, generoaren eragina meritua aitortzeko unean, ikusezintasuna...» emakumeengan arlo horietan «kide ez» izatearen sentimendua sortarazten duten faktoreen artean aipatu dituzte. Proposamenak ere planteatzen ditu.

Nastassja Cipriani eta Izaskun Landaida, lanaren aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Nastassja Cipriani eta Izaskun Landaida, lanaren aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko eguna ospatzen da gaur eta ‘Matematikaren eta fisikaren arloetan emakumeen diskriminazioa iraunarazten edo aldatzen laguntzen duen fenomenoaren analisia’ izeneko ikerketa lana aurkeztu du Emakundek.

Nastassja Cipriani eta Jose Senovilla dira analisiaren egileak, eta azterketaren arabera, «emakumeek emakume izateagatik jasotzen duten tratu desberdina, merituaren aitorpenari, debaluazioari eta ikusezintasunari buruzko genero eragina, sexu-jazarpenak, hizkuntza desegokia eta, oro har, diskriminazio-ingurunea, horrek guztiak emakumeengan ‘kide ez izatearen’ sentimendua areagotzen du». 

Azaldu dutenez, testuinguru horretan emakumeak «ez dira ongi etorriak sentitzen kasu askotan eta honek erlaxatuta edo eroso sentitzea galarazten die». «Gainera, lana eta familia uztartzearen ondorioz sortzen diren arazoek diskriminazioan eragiten duten alderdiak dira, eta, kasu askotan, emakumeek erabaki behar izaten dute ibilbide profesionalean aurrera egin edo familiako kideak zaindu», zehaztu dute.

Fisikaria izatearen ikuspegia zabaldu

Ikerlanak hainbat proposamen egiten ditu egoera aldatzeko, «hala nola, generoaren eragina zehatz-mehatz aztertzea langileen hautaketan eta ebaluazio-prozesuetan, edo unibertsitate-eremuan bulego bat sortzea, ikasleek, irakasleek eta ikertzaileek bertara joan ahal izan daitezen sexu-jazarpena, lan-jazarpena edo edo edonolako diskriminazioren biktima direnean».

Nabarmendu dute, bestalde, garrantzitsua eta beharrezkoa dela «matematikari eta fisikari izatearen lanbideari buruz dagoen ikuspegia zabaltzea, eta estereotipoen berezko elementu sinbolikoak eremu horietan diharduten emakumeen eta gizonen benetako jarduerarekin alderatzea».

Emakundek urtero ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren arloko ikerketa-lanetarako bekaren emaitza da.

Azterketak baieztatzen du matematika eta fisika arloetako ikasleen artean askoz txikiagoa dela emakumeen kopurua gizonena baino. Biltzen dituen datuen arabera, «2018-19 ikasturtean Zientzia eta Teknologia fakultatean %38,9 emakumeak ziren matematikaren arloan, eta %29,2 fisikaren arloan».

«Presentzia urri hori faktore historiko, sozial psikologiko, politiko eta kultural konplexuen emaitza» dela azaldu dute, eta emakumeei eragiten diela ebaluazio-prozesuetan eta horien sustapenean».

Zehaztutakoaren arabera, «kasu askotan, sistema akademikoaren oinarri diren printzipio eta balio batzuk ez dira neutralak generoari dagokionez».