Haritz Larrañaga

«Lurralde hizkuntzen» lege proposamena, aztergai Parisen

Iazko azaroan «Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen» mugimenduak Parisen egin zuen mobilizazioaren ondorioz Libertes et Territoires taldeko diputauek Frantziako Asanblada Nazionalean aurkeztu zituzten bi lege proposamen aztertuko dituzte ostegun honetan. Euskal Konfederazioak eztabaida arretaz jarraituko duela jakinarazi du.

Euskal Konfederazioa osatzen duten talde desberdinetako ordezkariek iazko azaroan eskainitako prentsaurrekoa. Guillaume FAUVEAU
Euskal Konfederazioa osatzen duten talde desberdinetako ordezkariek iazko azaroan eskainitako prentsaurrekoa. Guillaume FAUVEAU

Iazko azaroaren 30ean lehen aldiz elkarretaratze bateratua egin zuten «Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen» manifestua sinatu zuten Estatu frantses osoko eragileek. Euskararen alde lan egiten duten Ipar Euskal Herriko elkarte eta federazioak biltzen dituen Euskal Konfederazioak ere bat egin zuen hizkuntza gutxiagotuen aldeko dinamika harekin eta orain jakinarazi duenez, Parisen abiatu zuten dinamikak bere bidea jarraitzen du.

Paul Molac diputatu bretoiak bederatzi puntuko lege proposamena aurkeztu zuen iazko abenduaren 30ean Frantziako Asanblada Nazionalean, Libertes et Territoires taldeko hemezortzi diputatuekin batera. Funtsean, lurralde hizkuntzak ondare gisa izendatzea, eta berauek irakaskuntza eta zerbitzu publikoetan erabiltzea proposatzen zuten.

Ordea, lege proposamena aztertu behar zuen batzordeak soilik bi puntu onartu zituen. Euskal Konfederazioak jakin arazi duenez irakaskuntza arloari loturiko proposamen guztiak errefusatu zituzten, eta onartu zituzten bi puntuei dagokienean,  azkenean onartuak badira, «ez dute deus berririk ekarriko».

Eztabaidaren jarraipena
Hain zuzen ere, otsailaren 13an aztertuko dute ondareari eta seinaleztapenei lotuak diren bi lege proposamen horiek onartzen dituzten ala ez. Edonola ere, Euskal Konfederazioak prentsa ohar baten bitartez jakin arazi duenez, aipatu proposamenak onartzeak aldaketa handirik suposatuko ez duen arren, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen dinamikako kideek arretaz jarraituko dute eztabaida.

Hortaz, alderdi desberdinetako ordezkariek nolako jarrera erakusten duten eta zein argudio erabiltzen dituzten kontuan hartuko dute hizkuntza gutxiagotuen alde lanean ari diren elkarteetako kideek, modu horretan aurrera begira zein urrats eman ditzaketen erabaki ahal izango baitute, eta, hitza hartzearekin batera, alderdi bakoitzak gaiarekiko duen jarrera zein den argituko baitu.