Naiz
Kortezubi

Ibarrolaren Omako Baso Margotuaren erreplika egingo dute

Agustin Ibarrolaren obra famatua hartzen duen basoko zuhaitzak zaharrak edo gaixo daudela adierazi dute. Gainera, lursailaren jabeak zuhaitzetako batzuk moztu ditu eta artelanaren parte ugari galdu dira. Hori dela eta, artistaren artelana mantentzeko, Urdaibain beste baso bat pintatzea erabaki dute.

1999 urtean polemika sortu zen hainbat zuhaitz moztu zituztelako. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
1999 urtean polemika sortu zen hainbat zuhaitz moztu zituztelako. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Bizkaiko Diputazioak, Agustin Ibarrola pintorearen familiarekin batera, erabaki du Omako Baso Margotuaren erreplika bat sortzea Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Asteazken honetan adierazi dutenez, egun artelana hartzen duten pinuak hiltzen ari dira, zaharrak direlako edo ‘banda marroia’ deituriko gaitza dutelako.

Ibarrolak 1982 eta 1985 urteen bitartean pintatu zituen Oman. Hainbat kolore dituzten artelanak dira, zuzenean pinuetan margotutakoak, eta elkarrekin irudi geometrikoak osatzen dituztenak. Horietako erdia baino gehiago jada desagertu egin direla azaldu du Jose Ibarrolak, pintorearen semeak. Gelditzen diren zuhaitzen egoeraz aparte, basoa dagoen lur sailaren jabeak zuhaitzetako batzuk moztu egin zituen.

Jose Ibarrolak esan du berak eta bere anai-arrebak erreplikaren «zaindariak» izango direla, aitak sortu zuen lanaren espirituari fidela izan dadin eta bere lengoaia artistikoa mantendu dezaten.

Hala ere, onartzen dute Omako basoko erreplika zehatza lortzea ezinezkoa izango dela, zuhaitzen kokapenak erabat baldintzatzen duelako, baina bertan jasotako kontzeptuak leku berrian islatzen saiatuko direla artistaren lana «bizirik» mantendu ahal izateko.

«Nire aitak eta 57 Taldeko kideek, kolektibo bezala, uste zuten obra gizartearen zerbitzura egon behar zela eta, beraz, beti ikusgai egon behar zuela. Horregatik, familia ez dago kezkatuta beste baso bat pintatuko delako; oso pozik gaude bere lana bizirik mantenduko delako», adierazi du semeak.

Gainera, azaldu du aukera baliatuko dutela jada galduta daude eta 80ko hamarkadan egin zituen pintura batzuk berreskuratzeko (argazkiak gordeta dituzte), eta proposatu du gaixorik daudelako moztu behar dituzten zuhaitzak interpretazio zentru batean gordetzea, non artistaren bestelako pintura eta eskulturak ere erakutsi ditzaketen.

Bizkaiko ahaldun nagusia den Unai Rementeriak aipatu du gelditzen diren pinuen %80a gaixorik dagoela. Era berean, gogoratu du basoaren egoera kaxkarra dela eta bisitarientzat itxita dagoela eta debekatuta dagoela bertan sartzea, nahiz eta pertsona batzuk bertaratzen diren euren osasuna arriskuan jarriz.

Baso berria hartuko duen espazioari buruz esan du oraindik ez dutela leku zehatza aukeratu baina originalak dituen antzerako ezaugarriak bildu beharko dituela, Omatik gertu, mota berdineko zuhaitzekin, pintatzeko errazak direnak eta artelanak ikusteko erraztasuna eskaintzen dutenak. Hori dela eta, oraindik ez dakite Kortezubin bertan sortuko duten, ezta zenbat pertsonek hartuko duten parte lanetan ere.