Mendateetan amaiera asko eta azken egunean erlojupekoa, aurtengo Itzuliaren menua

Apirilaren 6tik 11ra lehiatuko da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Eibarren abiatuko da eta bertan aurkeztu dute. Aldapa gora hiru helmuga izango ditu (Arrate, Ermuko Andre Mari ermita eta Ibardin) eta, bi urteko parentesiaren ondoren, erlojuaren kontrako borroka azken egunera itzuli dute.

Aitor AGIRREZABAL|Eibar|2020/02/13
Itzulia
2020an Euskal Herriko Itzuliak izango duen ibilbidea aurkeztu dute. (Jon URBE / FOKU)

Euskal Herriko Itzuliak badu aurtengo ediziorako menua. Gaur aurkeztu dute Eibarren apirilaren 6 eta 11 bitartean tropelak gainditu beharko duen ibilbidea eta, ohi legez, etapa gogorrak eta aldapatsuak izango dira protagonistak lasterketaren 60. edizioan.

Eibar izan ohi da, urtero, Itzuliaren protagonista, baina bere kokapena aldatu du aurten eta abiapuntu izango da 2020 honetan. Arraten amaituko da lehen etapa, bidean Natxitua (3.maila), Milloi (3), Trabakua (3), Elgeta (2), Karabieta (2) eta Usartza (1) gainditu ostean. Lehen egunetik geratuko da argi nor dagoen eta nor ez Itzulia irabazteko. 

Bigarren egunak Amurrio eta Ermualde (Laudio) lotuko ditu. Altube (3), La Tejera (3) eta Malkuartu (2) igaro ostean, aurtengo beste berritasunetako batean topatuko dute hemuga, Ermualden. Hiru kilometrotan batez-besteko %11ko penditza duen pareta (%21erainoko aldapak).

Hirugarren eguna eta mendatean amaitzen den hirugarren etapa segidan. Gasteiztik abiatu eta Nafarroan Sakanatik sartu ostean, Zuazarrate (2), Uitzi (3), Usategieta (3), Aritxulegi (2) eta Agiña (2) igoerek hankak gogor utziko dituzte, helmuga Ibardineko igoeran aurkitu baino lehen. Ez da mendate gogorra, sei kilometro %5,8eko penditzarekin (zatirik gogorrena amaieran dauka), baina ikuskizunerako etapa aproposa izan daiteke, gora-beheraz josita.

Laugarren etapak Bera eta Errenteria batuko ditu. Belate (2), Saldias (3) eta Erlaitz (1) gogorrak ikuskizunerako aukera bermatzen dute. Azken mendatea, gainera, helmugatik 13 kilometrotara baino ez da egonen. Taldeko estrategiak lantzeko eta erasora aritzeko oso ibilbide aproposa.

Azkenaurreko etapa izanen da, izatekotan, gizon azkarrek edukiko duten aukera bakarra. Errenteriatik Sestaorako bidean Areitio (3) eta Reineta (2) gainditu beharko dituzte hala ere. Azken hau, helmugatik 23 kilometrotara dago. Esprinterrek, halakorik baldin badator, hor izango dute erronka nagusia.

Aurreko bi urteetan erlojupekoa azken etapatik kendu egin zuten antolatzaileek. Eta asmatu. Ikuskizun itzela bizi izan da iragan bi edizioetako azken etapan, igotzaileek erlojuaren kontra aurretik galdutakoa aldapan gora berreskuratu behar zutenean. Aurten, baina, ohiko eskemara itzuli dira antolatzaileak eta Bilbon amaituko da Euskal Herriko Itzulia, 21 kilometroko bakarkako lanarekin. Hemen ere ez da igoerarik faltako. Bizkaitar hiriburuak erabakiko du zeinek hartzen dion lekukoa iaz garaile suertatu zen Ion Izagirreri.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.