Fito Rodriguez

Joxemari

Joxemari,

saminak bat batean jotzen al du ala alez ale…? samina pairatzerakoan paliatu nahi dugu, baretu, arindu, saihestu…eta hori jakintza da, belaunaldiz belaunaldi bildutakoa baina inon irakasten ez dena.

Alez ale metatutako jakinduria, ez jabetza aleatorioa, ez eta janzkera axolagabe, jakingosearen galbahe, zorigabearen jakitatea.

Saminak bere arauak baititu, jakin beharrekoak, haien aurka ibiltzekoak Joxemari...

Minak berdindu egiten dituelako animaliak eta gizakiak, gertukoak eta lagunak.

Oinazea, ordea, gizadiagoa da, bizipena baita, eta hortaz, mintzagai delako:gogoetabide eta galdera, adierazpide eta jabeldura, Joxemari...

Jakinmina da galderaren abia, baita eskaeraren habia. Erantzuna, berriz,ohikoa bada ere, edota ohikoa izan arren, ikasiak izaten dira, gizartean edo mintzo-enean, gizakion oinazea ikasbide delako.

Oinazeak, halere, ez du norbera jakintsu bihurtzen, horrenbeste badakit, lagun...

Minaz gizakiak egiten duenak, gizaki bakoitzak nahiz gizarteak dioena, bihurtzen gaitu jakintsuagoez baikara munduko gauza bat soilik mundu horri adiera emateko gauza bagara.

Mina eta oinazea ez baitira sinonimoak hiztegiek horrela arautu arren, hizkuntza ezin baita hiztegien arabera ulertu, ez eta bizitza atsekaberik gabe bizitu.

Bihozminarena ez da edozein min, dolua oinazez haratago doa soinaren mintasunaz areagoa delako.

Oinazea delakoa bolumen goriko dolumena da.

Mina, gorputzaren erresumina besterik ez dena, oinaze bihurtzen ohi da aiurria minberatu errean, betiereko gorputz herren erratua, nabigatzaile nahigabetua…

Oinazea eta mina ez baitira gauza bera, bizitutakoari mintza emanez gero, mihiaren minaz haratago adierazteko gai baita.

Saminak atzealdea baitauka, Joxemari.