Patxi GAZTELUMENDI

Loraldiarekin, euskal kulturgintzako sortzaileak eta lan berrienak, Bilbon 

Hiru astez, martxoaren 10etik 29ra, euskal kulturaren hiriburua bilakatuko da Bilbo. Aurten ere ‘Hamaika desira’ lemapean sorkuntza garaikide ugari gozatzeko aukera izango da Bizkaiko hiriburuko 15 areto ezberdinetan. Guztira 120tik gora sortzaile arituko da bere onenak eskaniz saioz saio.

Gaur goizean egin da aurkezpena. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Gaur goizean egin da aurkezpena. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Festibalaren antolatzaileen helburuen artean euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatu eta proposamen berritzaileak plazaratzea dago. Gaur goizean aurkeztu da Loraldia Festibalaren seigarren edizioa Bilboko Rekalde aretoan ‘Hamaika desira!’ lemapean.

Aurkezpen honetan parte hartu dute Loraldia Festibalaren babesle diren erakundeen izenean: Aitziber Atorrasagasti, Lakuako Kultura Sustatzeko zuzendaria; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia. Eta Loraldia festibalaren aldetik, Imanol Agirre, Loraldia jaialdiaren zuzendari artistikoak; eta hauekin batera festibalean ekintzen bat burutuko duten zenbait artista izan dira, plazaratuko dituzten sormenen lagin txikia erakutsiz.

Loraldia Festibaleko seigarren edizioak euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola: Iparragirre, 200 urte beteko baitira aurten Urretxuko bardoa jaio zenetik. «Bizizale amorratua zen Iparragirre, baina guk haren bizitzan ibili ziren emakumeen begietatik ikusiko dugu», adierazi dute Loraldiako antolatzaileek Bilbon.

Mikel Urdangarin Arria antzokian, Iparragirre bera emakumeen ahotik, Alos Quarteren XX. urteurrena Euskalduna jauregian edo Fermin Muguruza omendu asmoz Kafe Antzokian egingo den kontzertu berezia. ‘Lurrun minez’ antzerki lana aurkeztuko dute «3 mariken arteko drama» sozializatuz, Gaizka Chamizo aktoreak adierazi duenez. Teatroaren eguna ere afari batekin ospatuko da Miribillako elkarte batean.

Miren Agur Meaberen poemak Amoranteren musikarekin, Noam Chomskyren liburu batetik Harkaitz Canok ‘manipulazio estrategiak’ kantuetara ekarri ditu eta Pettik talde berezi batekin eskainiko ditu kontzertu berezi batean. Mikel Antzak –luzaroan etxetik kanpo ibili ostean eta dramaturgiaren eremura itzulita– Fernado Pessoak nola atera zuen kartzelatik Sarrionandia kontatuko du, Mariñela antzerki lana gogora ekarriz. Bob Dylan euskaraz kantatuko dute edo ‘Hitzak errimetan’ jarriko dituzte. Egitaraua, datak eta lekuak loraldia.eus gunean daude eskuragai.