Olafur Eliassonenen arte eko-ekintzailea, Guggenheimen

Gaur egun lehen mailako artista bat badago Olafur Eliasson (1967, Kopenhage) da. Artearen munduan izar bat da; hori bai, ekologiarekiko betidanik interes handia izan duen izar begetarianoa eta, zirikatuz, «komunitate sentimendua» bultzatzeko ahaleginetan dabilen artista. Berak zabalduko du bihar Bilboko Guggenheim Museoaren aurtengo denboraldia. 

Amaia Ereñaga|2020/02/13
Olafur
Olafur Elliason Guggenheim museoan, bere obraren aurrean. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

«Museo batera zoazenean, errealitatea ikustera zoaz, baina errealitate hori dentsitate handiagokoa da. Eta museoan zaudenean ez zaude hor artea kontsumitzeko, artea sortzeko baizik. Hiru osagai biltzen garelako hemen; sortzailea, hau da, ni neu; bisitaria eta museoa. Hiru osagai hauekin Abegi Onaren Triangelua osatzen da».

Hitzak Olafur Eliassonenak dira, berak aurkeztu baitio prentsari, bisita gidatu batean, bere ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa, 1990 eta 2020 urteren artean sortutako 30 lan, alegia. Haren jardun artistikoaren osagai nagusiak hauek dira; naturarekiko kezka, Islandian igarotako denboran sortutakoa; geometriari buruzko azterketa; eta inguruko mundua hautemateko, sentitzeko eta hari forma emateko moduaren etengabeko ikerketa.

Eliasson ez da edonor. Kontuan izan, besterik ez, Berlinen duen estudioan artisauak, arkitektoak, ikertzaileak, sukaldariak, arte-historialariak eta espezilitate ezberdineko teknikariak lanean ari direla. Eta Olafur Eliasson gure garaiko artistarik nabarmenetarikoa dela ohartzeko, beste bi adibide; gaur goizean Bilboko Guggenheimera gerturatu diren nazioarteko hedabide mordoa (portugesak, ingelesak…) eta Frances Morris bertan izana.

Londreseko Tate Moderneko burua da Frances Morris eta Bilbora etorri da uda partetik eta orain gutxira arte Londresen hain arrakastatsu suertatu den ‘Olafur Eliasson. Bizitza errealean’ erakusketa gurean izango duen luzapena bultzatzera.

Hemengoa ez da Londreseko erakusketa berdina, egoitza berrira moldatu delako. Gainera, instalazio bat espreski sortu du Eliassonek Bilborako. Bisitan zer aurkituko dugu? Sentsazioak, azalak eta kontzientziak astindu nahi dituen proposamen zirikatzaile bat.

Esaterako, gela batean euria sortu eta ostadarrak ikusiko ditugu –bakoitzak ostadar propioak ikusiko ditu, ikusle bakoitzak duen pertzepzioa desberdina delako–; beste batean, laino batean murgilduko gara; beste batean, koloreztatutako lainogune batean sartutako gara… Kontuan izan bisita ez dela museoaren barnealdera mugatuko, kanpoan aldamio batean ur-jauzi bat eraiki duelako. New Yorkeko lau zubietan 2008an egin zituen «alaba» txikia dela esan du.

Ekainaren 21 era arte egongo da zabalik ‘Olafur Eliasson. Bizitza errealean’ erakusketa.