Tortura kasuen inguruko ikerketa bat egiteko neurriak eskatu dizkiete nafar Gobernu eta Legebiltzarrari

Tortura pairatu duten Nafarroako pertsonen sareak elkarretaratzea egin du Parlamentuaren aurrean eta bertan jakinarazi dute eskutiz bana igorri dietela Maria Chivite lehendakari eta Unai Hualde parlamentuko presidenteari, bilera bat eta herrialdean izan diren tortura kasuen inguruko ikerketa bat egiteko neurriak eskatuz.

naiz|2020/02/13
Torturatuak-nafarroa
Tortura pairatu duten Nafarroako pertsonen sareak elkarretaratzea egin du Parlamentuaren aurrean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Tortura pairatu duten Nafarroako pertsonen sareak Maria Chivite lehendakariari eta nafar Parlamentuko presidente Unai Uhalderi bilerak eskatu dizkiete, baita herrialdean izan diren tortura kasuen inguruko ikerketa bat egiteko neurriak hartzea. «Urte honetan Nafarroako Parlamentua berritu eta Gobernua aldatu dira. Ordezkari berriei iazko eskaera bera luzatu nahi diegu: Ikertu ezazue tortura ofizialki», adierazi dute.

Elkarretaratzea egin dute gaur Parlamentuaren atarian eta gogora ekarri dute, orain urte bete, Gaztelu plazan egin zuten ekimenean, mila aulki hutsek eskatu zutela «entzun nahi izan ez diren horien ahotsak entzutea». Errealitate hau, «oraindik ere mingarria» dela eta «estalita» dutela gogorarazi dute.

«Mila nafar baino gehiago izan gara modu basatian torturatuak», adierazi dute Marilo Gorostiaga eta Oihan Ataunek. «Ezinbestekotzat» jo dute «Estatuko indar polizialek mantendu duten errealitate gordina» ezagutzera ematea eta, azpimarratu egin dute instituzioek beste alde batera begiratu dutela. Horren aurrean, torturaren inguruko ikerketa «zientifiko, profesional eta independente bat» martxan jartzeko tresnen beharra defendatu dute eta legealdi honetako kontua izan behar duela gaineratu.

Zentzu horretan igorri dizkiete eskutitz bana Nafarroako eta Parlamentuko lehendakariei. Mikel Zabalzaren kasua ere ekarri dute gogora, zeinen gorpua ibaian agertu zen, Guardia Zibilak atxilotu ostean, baita Europak espainiar Estatua bost aldiz  zigortu duela nafarrek jarritako tortura salaketak ez ikertzeagatik. Horien artean, Ataun berarena

«Gizarteari zor diogu, hurrengo belaunaldiei, hau argitzea. Hau da torturarekin amaitzeko modurik eraginkorrena», adierazi dute. Bide horretan, «haien esku dagoena egitea» eskatu diete Chivite eta Hualderi.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.