Amaia Ereñaga

Gatibu: «20 urte betetzean, zergatik ez Bilbao Arena bezalako areto erraldoi bat bete?»

Ez dira 8.000 iritsiko, segurtasun kontuak tarteko, baina hortik gertu ibiliko da datorren martxoaren 28an Bilboko Arena aretora Gatiburen 20. urteurrena ospatuko duen «Bixotzez» kontzertura gerturatuko diren zaletuen kopurua. Sarrera gehiago jarriko dituzte salgai, orain artekoak berehala agortu direlako.

Kanta berria aurkeztu du Gatibuk Bilbao Arenan. NAIZ
Kanta berria aurkeztu du Gatibuk Bilbao Arenan. NAIZ

2020. urtea mugarri da Gatiburentzat, bi hamarkada betetzen baitituzte errepidean eta oholtza gainean. Sasoi berezi baten sentsazioren zirrara nabaritzen zitzaien Gernikako taldekoi, edo halako zerbaiten zantzuak ikus zitezkeen behintzat gaur goizean Alex Sarduik, Haimar Arejitak, Gaizka Salazarrek eta Mikel Caballerok Bilbao Arena aretoan bertan egin duten agerraldian.

Bi albiste eman dituzte; bata, sarrera gehiago izango direla; bestea, urteurrenaren karira Garate estudioetan grabatutako ‘Bixotzez’ kantaren aurkezpena egin dute. ‘Bixotzez’ kantak eta haren inguruan grabaturiko bideoa, hogei urte hauetan rocka euskaraz eta, zehazki, bizkaitarrez landu duen banda indartsu honek bizitakoaren laburpena kontsidera daitezke. «Bixotzetik zuretzako/ garelako positibo» kantatzen du ‘Bixotzetik’ dantzagarrian Alex Sarduik.

Eta positibo azaldu dira, eta esker onez beterik Gabituko partaideak urte guzti hauetan ondoan izan dituztenekin. Batez ere «gatibuzalei, gure oxigenoa eta gasolina zaretelako», baita kontzertuak antolatzen isilean ibili direnei, eta «gure ingurukoei, izan duten pazientziagatik», Haimar Arejitaren hitzetan.

Ez dute xehetasun handirik eman jaialdiaren inguruan, ezustea eman nahi dietelako bertaratuko diren belaunaldi desberdinetako zaletuei –haurrak ere onartuak izango dira, baimenarekin noski–, baina «Gatibu %100 izango dela» baieztatu dute. «Opari bat izango da gure zaletuentzat eta baita guretzat ere», esan dute.

«Kontzertu erraldoi bat egin nahi genuen, zeren zergatik ez horrelako toki handia bete? Horixe frogatu nahi genuen, hau da, euskara egindako musikarekin egin daitezkeela mota honetako ekitaldi jendetsuak», Haimar Arejitaren hitzetan.

Bilboko hitzordua iritsi bitartean, 20. urteurreneko birarekin ari dira han-hemen. Aurki Galizian, gero Katalunian. Etorkizunari begira beraien erronka mugak gainditzea baita, Euskal Herritik haratago beraien rock indartsu, dantzagarri eta herrikoia zabaltzea, alegia.