Nagore BELASTEGI

Zientzia ere emakumeen kontua badela aldarrikatu dute arloko profesionalek

‘Emakumeak Zientzian 2020’ jardunaldiak ospatu dituzte aste honetan zehar eta horiei amaiera emateko mahai ingurua izan da ostiral honetan Donostiako Carlos Santa Maria Zentroan. Helburua, bizipenak eta iritziak lasai partekatzeko gune bat eskaintzea, gaur egun zientzia-arloan diharduten emakumeei ahotsa emanez.

Mahai inguru honetako bost hizlariak. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Mahai inguru honetako bost hizlariak. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gaur goizean, Donostiako Carlos Santamaria zentroan ‘Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna’ mahai-ingurua burutu da, Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika ikasketak neska gutxik aukeratzeko arrazoiak eta horien ondorioez eztabaidatzeko, emakumeak erantzukizuneko postuetatik zergatik desagertzen diren aztertzeko, eta joera horiek aldatzeko ezar ditzakegun neurriak baloratzeko. Ekitaldi hau astean zehar ospatu den ‘Emakumeak Zientzian 2020’ jardunaldietako azken jarduera izan da.

Hizlariak honakoak izan dira: Xana Belastegi, produktu bioteknologikoak garatzen dituen Idem Biotechnology erakundeko negozio-zuzendaria; Naëmi Leo, Marie Sklodowska Curie doktoratu ondoko ikertzailea CIC nanoGUNEn, eta material magnetikoak eta nanoegiturak ikertzen dituena; Concha Monje, Industria Ingeniaritzako doktorea eta Carlos III Unibertsitateko irakaslea; Maria Paulis, POLYMAT-eko ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea; eta Idoia Otxoa, Tecnun-Nafarroako Unibertsitateko Ingeniari Eskolan irakaslea.

UNESCOren arabera, munduan zientzia arloko goi-mailako hezkuntzako ikasleen heren bat baino ez dira emakumeak, eta munduko ikertzaileen herena baino ez. Datuak antzekoak dira Europan, Estatu espainolean eta Euskal Herrian. Egoera horren aurrean, mahai-inguruan parte hartu duten zientzialariek, Itziar Otegui jardunaldien koordinatzaileak eta nanoGUNEko komunikazio-arduradunak moderatuta, beren inguruan begiratzeko eta zer hobetu dezakegun eta nola ulertzen saiatzeko aukera izan dute.

Hizlarien esperientzia pertsonala ona izan da orokorrean, inoiz ez baitzituzten baldintzatu ikasketak aukeratzerako orduan. Horren aurrean, nahi zutena ikastera animatu zituzten beti beren gurasoek. Zenbaitetan etxean zientzia arloko ereduak zituzten, baina Naëmi Leoren kasuan, adibidez, artetik datorren familia dauka. Hala ere, bere aukerak ez zituzten inoiz mugatu eta zientziarengan interesa adierazten hasi zenean, bide horretatik jotzeko aukera izan zuen.

Hala ere, badakite euren kasua ez dela beti betetzen eta, askotan, txikitatik neskak eta mutilak baldintzatuak sentitzen direla. Estereotipoei jarraituz, neskak hobeagoak omen dira zientziarekin zerikusirik ez duten arloetan, edo zientziaren eremua beraientzat lehiakorregia da. Hori guztia gezurra dela azpimarratu dute, pertsona guztiak –gizon edo emakume izateak inporta gabe– desberdinak garelako. Hala, hasteko, gauzak aldatzeko bidea alabei zientziarako bidea ere zabalik dutela erakustea eta ideia horren kontrako estereotipoen kontra egitea dela uste dute.

Hurrengo pausoa ibilbide akademikoko goi mailatan dagoela uste dute: unibertsitatean zientziako ikasketak egiten dituzten gizonak emakumeak baino gehiago dira, baina arloaren arabera asko aldatzen da (Biologian emakumeak gehiago dira, Kimikan, Matematikan eta Geografian antzerako portzentaiak daude, baina Fisika eta Ingenieritzan oso emakume gutxi daude). Mailan gora egin ahala, gero eta emakume gutxiago daude sektore guztietan.

Hori zergatik gertatzen den aztertu dute. Adibidez, amatasunak –edota bestelako zaintza lanak– emakumeen ibilbide profesionalean izan dezaken eragina aipatu dute, baita goi karguetan lehiatzeko emakumeen promozio eskasa ere.

Hala ere, baikorrak dira eta uste dute pixkanaka gauzak aldatzen ari direla, gizartearen parte batek uste badu ere ez dagoela zer aldatzerik, berdintasuna jada lortua dela alegia. Emakume hauek adierazi dute kasu askotan euren lankide gizonen babesa dutela eta batzuk prest agertu direla aldaketaren parte aktibo izatera.