Alaves esku hutsik itzuli da Mallorcatik (1-0)

Alavesek ezin izan du punturik erdietsi Mallorcaren zelaian. Cucho Hernandezek eginiko gola nahikoa izan da etxekoek balio handiko hiru puntu batzeko. Aurretik, gainera, Pachecok penalti bat gelditu du eta epaileak gol bat baliogabetu dio Mallorcari. [Neurketako xehetasunak]

Ane URKIRI|2020/02/15
Mallorcaalaves
Mallorca eta Alaveseko jokalariak izkinako jokaldi batean.

Alavesek jaitsiera postuetatik are gehiago urruntzeko aukera paregabea alferrik galdu du Mallorcan. Puntua batzea ona litzateke, Mallorca bezalako arerioarekin distantziak mantentzeko. Etxeko taldeak, baina, aukera gehiago izan ditu eta merezimenduz irabazi du. Jaitsiera postuetatik ateratzea lortu du Vicente Morenoren taldeak, jardunaldiko emaitza guztiak ezagutzeko faltan.

Ausart hasi du neurketa Garitanoren taldeak. Erasokor hasi dira, baloia zelai erdian lapurtu eta aurreko jokalariekin ondo konektatuz. Burkek izan du lehen aukera baina gehiegi pentsatu du eskoziarrak eta atzelariak asmoa igarri dio.

Hain ondo hasi du neurketa Alavesek, hain eroso zebilen, Mallorcako zaleak igarri dutela eta txistu joka hasi dira hamargarren minuturako. Mallorcako jokalariek presio suabea egitetik pausu bat aurrera eman dute eta beraien minuturik onenak jokatu dituzte. Penalti jaurtiketa bat ere izan dute alde, Magallanek baloia eskuarekin ukitu ondotik. Pachecok, baina, Salva Sevillaren jaurtiketa gelditu du 0-0koa mantentzeko.

Ordutik, neurketa erabat parekatu da. Bi taldeek eraiki dituzte erasoko jokaldi onak. Alavesek, esaterako, aukera ona izan du Burkeren erdiraketa batean baina Joselu ez da iritsi errematatzera.

Kuboren zelairatzea

Bigarren zatia hasi eta segituan Lucas Perezek izan du Gloriosoren aukerarik onena. Jokaldi ederra eraiki dute Camarasa, Vidal eta galiziarrak baina aurrelariak, atezainaren aurrean bakarrik zegoela, ez du egoki egin azken jaurtiketa.

Lehenengo zatiko aurreneko 15 minutuetako sufrikarioa ekiditeko edo, Morenok azkar batean hartu du Kubo zelairateko erabakia. Neurketaren norabidea aldatu duen erabakia, alegia. Cucho Hernandez eta japoniarraren arteko jokaldia Dani Rodriguezek amaitu du, jaurtiketa indartsua sare artera eramanda. Epaileak, aldiz, VARaren laguntzarekin, gola baliogabetu du jokaldi hasieran Hernandezek baloia eskuarekin ukitu duela ulertuta.

Mallorcarrentzat kolpe gogorra izan da, jaitsiera postuetan egonda funtsezkoa baitzen gaurkoan garaipena lortzea. Final hitza ere erabili zuen entrenatzaileak. Baliogabetutako golak, baina, hauspoa eman die etxekoei eta ez dut etsi beraien helburuan. Minutu batzuk beranduago, 63. minutuan, Cucho Hernandezek 1-0ekoa egin du. Pacheco ederki gelditu du honen burukada baina aurrelaria azkar egon da atezainaren gelditua probesteko.

Nekez sortu du arriskua

Alavesi kostatu zaio arearioaren areara arriskuarekin iristea. Garitanok hiru atzelariko lerroa osatu du atzean, erasoan erraztasun gehiago bilatze aldera. Ordu erdiren faltan, soilik azken minutuetan izan ditu berdinketa lortzeko aukeraren bat. Joseluk gola ere egin du, baina jokoz kanpokoa adierazi du marrazainak. Mallorcarrak ondo itxi dira atzean eta ederki eutsi dute beraientzat hain garrantzitsua zen 1-0ekoa.

Babazorroak, gaur gaurkoz, jaitsiera postuetatik zazpi puntura aurkitzen dira. Gainerakoen emaitzen zain egon beharko du aldea mantentzen duen edo murrizten den ezagutzeko.

 

 

YOGA
Mikel TROITIÑO - FOKU
Loading player...


Konfinamendu egoerarako yoga ariketa batzuk proposatu ditu NAIZek, Mikel Troitiño Berasategiren eskutik. Grabaketa Foku agentziak egin du.

[Bigarren saioa: ‘Airea’]

[Hirugarren saioa: ‘Ura’]

[Laugarren saioa: ‘Lurra’]