naiz
Gasteiz

Sarek badu 2020rako erronka: presoen gaian lortutako adostasun guztien aktibazioa

Sarek azken urteko errepasoa egin du guar Gasteizen egindako biltzarran eta, era berean, etorkizunera begira jarri da, 2020 honetako erronkak markatuz. Honela, «azken urteetan lortutako adostasun guztien aktibazioan sakontzen» indarra jarriko dute.

Sarek Gasteizen egin du bosgarren biltzarra. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Sarek Gasteizen egin du bosgarren biltzarra. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Sarek bosgarren biltzarra egin du gaur Gasteizen. Bertan azken urtean egindako lana eta aurrera begira eman beharreko pausoen inguruan aritu dira. Zentzu horretan «azken urteetan lortutako adostasun guztien aktibazioan sakontzen» indarra jarriko dutela jakinarazi dute.

Horrela, espetxe politikaren inguruan espainiar presidente den Pedro Sanchezek 2018ko ekainean adierazitakoa ez dela bete adierazi dute Joseba Azkarragak eta Inaxio Oiartzabalek. «Konpromiso argiak hartzea falta izan da, espetxe-politika sakonki aldatzeko». Gobernu berri bat eratu da Madrilen eta «borondatea» eskatu diote, «euskal presoen eskubideak urratzen dituen espetxe-politika hau amaitzeko apustua gehitu behar zaie».

Honela, «atzerapen gehiagorik» ezin dela egon nabarmendu dute, «giza eskubideez eta horien urraketaz ari garelako». Horretarako «euskal gizartearen gehiengoaren konpromisoa espainiar erakundeetara eramatea» jarri dute helburu gisa, bai politika bai justiziaren esparruan.

Hizpide izan dituzte ere apirilaren 5erako Iñigo Urkulluk deitutako hauteskundeak. «Euskal alderdiei dei egiten diegu hauteskunde programetan adostasun hori indartzen jarraitzeko konpromisoa hartzea, lehentasunezkotzat kokatuz, eta espainiar erakundeei helarazi beharra». Era berean, «hauteskunde-kanpainan presoen arazoa ezta biktimena ere, haien artean jaurtitzeko arma gisa» ez erabiltzea eskatu diete.