Ane URKIRI
Lezama

Athleticek markagailua irauli eta derbia irabazi du (2-1)

Reala markagailuan aurretik jarri arren, Athleticek eraman du euskal derbia. Bigarren zatian, bi minuturen buruan, Ane Azkona eta Lucia Garciak markagailua irauli dute. Zazpigarren minutuan Kiana Palaciosek egin du txuri-urdinen gola. 

Kiana Palacios, Realeko golegilea, eta Damaris Egurrolaren arteko lehia. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Kiana Palacios, Realeko golegilea, eta Damaris Egurrolaren arteko lehia. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Realak hamarkada bat darama Lezaman garaipenik ezin erdietsita; azkena, 2010eko urriaren 10ean lortu zuen. Igande honetan haizea alde jarri zaio zazpigarren minuturako, Kiana Palaciosek eginiko gol bati esker, baina ezin izan du aldea eutsi bigarren zatian.

Etxekoak indartsuago hasi dute neurketa, kanpotarrek hainbat zalantza aireratu dituzte atzealdean baina azkenean hauek izan dira lehen kolpea eman dutenak. Cardona eta Morazaren arteko lehiaren ondotik, mexikarrak ondo kolpatu du baloia sareetara sartzeko.

Valdezatek, burukada bat eta jaurtiketa indartsu batekin, lehen arrisku egoerak sortu ditu etxeko taldearentzat. Bizkaitarrei kostatu zaie aurrelariekin ondo ulertzea eta Mariasun Quiñonesen atepeak ez du gehiegirik sufritu.

Villacampa eta Arconadaren arteko lehia ere jaso du lehen zati honek. Villacampak Azkona eta Eunate hegalez aldatu ditu, Azkonak Tejadari min gehiago egin ziezaiolakoan; Arconadak, Lucia Rodriguez eta Tejada hegalez aldatzen erantzun dio arerioari.

Bi minutuan, bi gol

Bigarren zatiari ederki ekin dio talde txuri-urdinak. Leire Bañosek eta Ana Tejadak aukera garbi bana izan dute. Barkatu egin du eta horrelakoetan esaerak ez du hutsik egiten.

Hegaleko jokalariekin errazago konektatzea lortu du eta horrek eman dio garaipena Athletici. Damarisek ondo ireki du jokoa Eunate Arraizaren lasterketarako eta honen erdiraketa bakar-bakarrik errematatu du Ane Azkonak. Bi minutu beranduago, Lucia Garcia eta Azkonaren arteko kontraerasoan 2-1ekoa egin du Garciak.

Aldea handitzeko aukerak izan ditu Athleticek -Mariasunek aurrez-aurreko bat gelditu dio Garciari- eta Realak, Nerea Eizagirreren bi jaurtiketa indartsuetan izan du berdinketa egiteko aukera.

Azkenean, hamarkada bat beranduago ere, Lezaman irabazi gabe jarraitzen du Realak.

Sailkapenari dagokionez, lau puntuko aldea ateratzen dio Athleticek Realari. Txuri-urdinek asteazkenean Deportivori egingo diote bisita, lehen itzulian bertan behera geratu zen neurketa.