NAIZ

Belako, Maren, Sara Zozaya eta Ainhoa Larrañaga, martxoaren 6ko Gure Ahotsak kontzertuan

Emakume musikarien lana balioesteko asmoz abiatu zen iaz Gure Ahotsak ekimena Donostian. Belako, Maren, Sara Zozaya eta Ainhoa Larrañaga elkartuko dira aurten agertokiaren gainean. Hitzordua martxoaren 6an da.

Gaurko aurkezpenaren irudia. (NAIZ)
Gaurko aurkezpenaren irudia. (NAIZ)

«Gure Ahotsak 2019an egin zen estreinakoz, Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan Gipuzkoan emakumezko musikariek duten maila artistiko aparta azpimarratzeko asmoz», gogoratu dute Donostia Kulturako arduradunek.

Orduko hartan Izaro, Olatz Salvador, Elena Setien eta Sara Mansilla izan ziren saioaren protagonistak. Pozik agertu ziren laurak egitasmoak fokua musikari emeen gainean jarri izanaz. Berdin aurtengo gonbidatuak ere, Belako, Maren, Sara Zozaya eta Ainhoa Larrañaga. Hiru emakume bakarlari eta bi emakumez eta gizonez osatutako talde bat.

«Geldiezinak»

«Gazteak dira, geldiezinak, proiektu propioa dute edo talde baten barruan garatzen dute. Etorkizuna Belako, Maren, Ainhoa Larrañaga edo Sara Zozayarena da. Berdin dio euren ibilbidearen hastapenetan egotea edo jada izan gisa aritu izana jaialdi garrantzitsu batzuetan, talentu eta karisma handia dute», nabarmendu dute antolatzaileek.

Maren bizkaitarra da gazteena, 17 urterekin. ‘Alguien sin vergüenza’ EPa kaleratu du. Euskara, ingelera eta gaztelera uztartzen dituen lana da, pop intimista estiloak.

Belako, aldiz, Euskal Herriko talderik nazioartekoenetarikoa da. Nick Cave, Elvis Costello eta Liam Gallaguer bezalakoen ondoan aritu da zuzenean. Gaurko agerraldian, Kristina Lizarraga kantariak eta Lore Billelabeitia baxuak urteko lehenengo kontzertua izango dela adierazi dute. «Pozten gaitu Donostian izateak, are gehiago horrelako kontzertu batean», gaineratu du Lizarragak.

«Injustizia sozialak kulturaren eremutik salatzearen aldekoak gara. Eta pozarren musikako emakumezko kideekin egiteaz, beti da gustagarria», jarraitu du. Maiatzean ‘Plastic Drama’ laugarren diskoa kaleratuko du taldeak.

Sara Sozaya donostiarra Astor Piazollaren lanak eskusoinuaz jotzen hasi zen. 12 urtetarako kantu propioak idazte zituen gitarraz eta teklatuaz. Orain bakarkako bidea Nerabe taldearekin uztartzen du.

Ainhoa Larrañagak, berriz, ‘Eskuminak’ lehenengo lana argitaratu berri du. Aktore bezala ere ari da.

Datorren martxoaren 6an 20.00etan izango da Gure Ahotsak kontzertua Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko 18 euroko prezioan.