naiz

Enpresetan genero desberdinkeria gainditzen lagunduko duen kontabilitate-eredu bat sortu dute

Emakundek esleitutako berdintasun bekaren bitartez ondu dute azterlana Deustuko Unibertsitateko bi irakaslek. GWEI (Gender Wage Equality Index) izeneko indize sintetikoa sortu dute, balio banaketaren oreka genero ikuspegitik aztertzeko.

José Luis Retolaza azterlanaren egileetako bat eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria. (Juanan RUIZ/FOKU)
José Luis Retolaza azterlanaren egileetako bat eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria. (Juanan RUIZ/FOKU)

‘Erakundeetan generoaren balio soziala diru-unitateetan kuantifikatzea: analisi eta esku-hartze proposamen integrala’ azterlana Leire Gartzia eta José Luis Retolaza Deustuko Unibertsitateko irakasleek garatu dute. Emakundek urtero ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako bekaren emaitza izan da astelehen goizean aurkeztutako lana.

Emakundetik azaldu dutenez, azterketa horren abiapuntua izan da enpresek eta erakundeek ez dutela tresna egokirik genero-orekaren egoera eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak ikusarazteko. Horren, ondorioz, diotenez, emakumeen aurkako diskriminazioak bere horretan segitzen du antolakuntza sare askotarikoetan.

«Adibide gisa, Ibex-35eko 16 enpresek 2018ko txosten ez-finantzarioetan soldata-arrakalari buruzko informazioa emateko 9 metodologia desberdin erabili dituzte; horren ondorioz, emaitzen irakurketa ez da homogeneoa eta, beraz, ezin da konparatu», argitu dute.

Azterlanaren helburua da gizarte-kontabilitatearen esparruan kontabilitate analitikoa genero-ikuspegitik egitea ahalbidetuko duen eredu bat garatzea. Erakunde batek sortutako balioaren banaketa aztertzea du helburu, balio hori jasotzen duten pertsonen generoaren arabera.

Hala, hizkuntza monetario-ekonomikoa erakunde eta enpresa pribatuetan ohikoa denez, azterlanak praktikan aplikatzeko tresna bat aurkezten du, diruaren ikuspegitik, erakundeek berdintasunaren arloan sortutako balio soziala ikusarazten laguntzeko.

Besteak beste, formula horrek balioko du soldatan berdintasunik dagoen zehazteko.

Indize sintetikoa

Ikerketa-lanaren lehen emaitzetako bat GWEI [Gender Wage Equality Index] izeneko indize sintetiko bat sortzea izan da, balio-banaketaren oreka genero-ikuspegitik aztertzea ahalbidetzen duena.

Azterlanetik lortutako kontabilitate-eredua «enpresa eta erakunde mota guztietan» erabiltzeko helburuaz diseinatutako kalkulu-orri batean oinarritzen da.