NAIZ

Hezkuntzan hitzarmen berria bilatuko du LABek, negoziaziorako Lakuaren borondate falta ikusita

Legegintzaldia amaitzear dagoela, LABek EAEko hezkuntza sistema publikoaren eta berau osatzen duten langileen baldintzak hobetzeko 2017tik hona eman diren urratsetan begirada jarri du. 2018ko akordioaren bidez egoera hobetzea lortu dutela onartu du, baina lan hitzarmen berri bat abian jartzeko ahalegina egingo duela ere iragarri du.

LAB Irakaskuntzako ordezkariak Bilbon egin duten agerraldian. (@labirakaskuntza)
LAB Irakaskuntzako ordezkariak Bilbon egin duten agerraldian. (@labirakaskuntza)

LABen iritziz, borroka sindikalaren bidez EAEko legegintzaldi honetan lortutako hobekuntzak «ez dira gutxi izan», eta horiek ere azpimarratu behar direla adierazi dute sindikatuko ordezkariek astelehen honetan Bilbon egin duten prentsaurrekoan. 

«Besteak beste, bajak lehenengo egunetik %100 ordaintzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, zerrenda guztiak zabalik izatea edo soldaten murrizketak geldiaraztea» izan dira, sindikatuaren esanetan, lorpenen balantzan jarri beharrekoak.

2017an sindikatu guztiek bat eginik abiatu zuten greba dinamika amaierara heldu zen 2018ko maiatzaren 14an gehiengo sindikalak –LAB, Steilas, CCOO eta UGT– eta Hezkuntza Sailak sinatutako akordioarekin. «Ez dira gutxi akordio horretan hezkuntza-kalitatea eta langileon baldintzak hobetzeko adostutako edukiak», nabarmendu dute sindikatuko ordezkariek.

Orain, berriz, legegintzaldiaren amaierara heltzen ari garen honetan, LABek beharrezkoa ikusten du akordiotik lortu diren eta eskuratu ez direnen arteko balantzea egitea.

Ildo horretan, 2018tik hona Hezkuntza Saila ordezkatzen duen Cristina Uriarteren «utzikeria nabarmena» salatu dute: «Hezkuntza Sailetik ez dute konpromiso errealik erakutsi adostutako gaiak garatzeko. Gainera, aurretik aipatutako lorpenetan urratsak eman badira, horiek esparru sozialetik egin dugun lan eta presioaren ondorio izan dira».

Izan ere, akordioaren bidez baja egoerak ez zigortzea eta lehen egunetik %100 ordaintzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzen hasteko urratsak ematea, zerrenda guztiak zabaltzea eta irekita mantentzea, soldaten murrizketak gelditzea eta aparteko ordainsaria berreskuratzea lortu dutela azpimarratu dute.

Administrazio eta kudeaketako irakasleei dagokienez, «orain arteko 191 lanpostuen ordu-kreditua mantentzea eta administrari kopurua handitzea 7 eta 13 arteko gelako zentroetan» izan dira LABeko ordezkariek gaineratutako lorpen batzuk.

Behar-indize altuko eskoletan, gainera, plantillak handitzea, karrerako funtzionarioek eskola orduen herena murriztu ahal izatea eta, datorren ikasturtetik aurrera, 59 urtetik gorako irakasle guztiek 2 irakastordu murriztu ahal izatea lortu dutela ere nabarmendu dute.

Akordioan idatzita egon arren, Lakuak hainbat arlo negoziatu nahi izan ez duela salatu dute, hala nola, irakasle ordezkoen egoera eta ikastetxeen egoera egonkortzeko prozesua, 60 urterekin irakastorduen herena murrizteko eskubidea ordezko irakasleentzat ere zabaltzea edo lanaldi murriztuak bestelako lanekin bateratu ahal izatea lan prekarioekin amaitzeko.

Horregatik, akordio honekin «aurrera jarraitzeko aukerak agortu» direla adierazi dute. «Nondik gentozen ikusita, argi dugu 2018ko maiatzaren 14ko akordioaren bidez egoera hobetzea lortu genuela. Administrazioak negoziaketarako borondaterik agertu ez duenez, ordea, lan hitzarmen berri bat abian jartzeko ahalegin guztiak egingo ditugu», azaldu dute.