Birtokiratzea lantzeko mintegia antolatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak

«Merkataritza liberalaren ondorioz alboratuak diren eremuetan indar egiteko birtokiratzea» proposatzen du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta gaian sakontzeko egun osoko mintegi bat antolatu du otsailaren 25ean Ainhize-Monjolosen, «Aldaketaren bidean» goiburua duen gogoeta zikloaren baitan.

Haritz Larrañaga|2020/02/18
Ehlgprentsaurrekoa_baiona
Beñat Molimos EHLGko lehendakaria eta Iker Elosegi EHLGko langileen koordinatzailea. (Guillaume FAUVEAU)

«Aldaketaren bidean» gogoeta zikloa abiatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) eta lehen mintegia otsailaren 25ean antolatu du Nafarroa Behereko Ainhize-Monjolose herrian. «Laborantza eta elikadura ekonomiak berlokaliza ditzagun» izenburua izango duen lehen mintegia egun osokoa izango da eta gaiarekin interesatua dagoen edonor parte hartzera deitu dute.

Baionan egin duten aurkezpenean, egungo egoera «zentzugabea» dela nabarmendu du Beñat Molimosek. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakariak azaldu duenez, «hemen ekoizten diren haragi eta esnekiak urrun esportatzen dira, eta aldi berean, hemen kontsumitzen diren haragi eta esneki gehienak kanpotik ekarriak dira».

Hain zuzen ere, egungo merkataritza liberalaren ondorioetako bat espezializazioa dela jakinarazi du EHLGko lehendakariak, hau da, «eskualde batzuetan arlo zehatz batzuk indartzen dira, beste batzuen kaltetan», nabarmendu du. Ipar Euskal Herrian azken hamarkadetan eman den bilakaera ekarri du gogora Molimosek: «Lehen ekoizpena anitzagoa zen, orain ordea, haragi eta esnekien ekoizpena indartsua da, baina aldiz barazki eta fruituen ekoizpena oso ahula da».

Halako egoera baten aurrean, birtokiratzeak arlo desberdinen artean oreka bat bilatzen duela adierazi du Iker Elosegik, EHLGko langileen koordinatzaileak. Bere iritziz, birtokiratzearen helburua «lekuko beharrak asetzea da, lehenik bertako produktuekin, eta ondoren, kanpora zabaltzen».

Egun osoko egitaraua

Egungo testuinguruan «birtokiratzea erronka oso garrantzitsua» delako erabaki dute eztabaida zikloa gai honekin hastea, baina EHLGko kideek ohartarazi dute ez direla «zerotik abiatzen, gai hau aspalditik lantzen» ari baitira eragile desberdinekin. Bestalde, onartu dute «egun bakar batean ez direla galdera guztiak erantzungo», baina haien aburuz, lehen mintegiak «aurrera begira oinarri bat eraikitzeko balioko du».

Ainhize-Monjolose (Nafarroa Beherea) herrian otsailaren 25ean antolatu duten lehen mintegia egun osokoa izango da. Parte hartzeko deia irekia da, baina aurrez izena eman behar da. Nathalie Corade, Bordeleko Unibertsitatean gertuko zirkuituen ikerlaria izango da lehen hizlaria. Jarraian, parte hartzaileek bi tailerren artean hautatu beharko dute, «Euskal Herriko desmartxa kolektiboak» edo «Fruitu eta barazkien hornitzea». Bazkalostean, ostera, lan taldeen bilduma, lan ardatzen proposamena eta eguneko bilana egingo dituzte.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.