Nagore BELASTEGI
Donostia

Bortxaketa kasu desberdinetan oinarritutako ‘Birritan bortxatua’ antzezlana taularatuko dute

Nagore Laffage eta La Manada kasuetan, beste batzuren artean, oinarritu da Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea lehen antzezlan dramatikoa egiteko. Gogorra dela onartu dute, errealitatea ere hala delako. Helburua da publikoaren hausnarketa bultzatzea, eszenatokian azaltzen dutena uste baino gertuago dagoelako.

Ion Martinez eta Saioa Arroyo aktoreak antzezlaneko une batean. (Gorka RUBIO | FOKU)
Ion Martinez eta Saioa Arroyo aktoreak antzezlaneko une batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bi aktore, eszenografia soila, milaka sentimendu. Horiek dira Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldearen ‘Birritan bortxatua’ antzezlanaren osagaiak. Konpainiak 10 urte ospatzen ditu aurten, eta orain arte umorea landu badute ere, estiloz aldatu eta drama bat sortu nahi zuten. Horrela, bortxaketa kasu desberdinetan oinarritu dira eszenatokira fikziozkoa den, baina benetako elementu asko dituen epaileta bat eramateko.

Saioa Royo biktimaren larruan sartu da. Ion Martinez "Txiki", berriz, fiskala, defentsaren abokatua eta erasotzailea. Puri-purian dagoen indarkeria matxistaren gaia lantzea erabaki zuten. «Nagore Laffage, gero La Manada, biak jaietako testuinguruan gertatu ziren. Nagore Laffageren kasua eta gero gizartea mobilizatzen hasi zen, eta La Manadarekin Europa osora zabaldu zen. Guk gure aletxoa jarri nahi genuen», azaldu du Txikik aurkezpenean.

Protagonista Nagore da –Lafaggeren omenez aukeratutako izena–, 44 urteko emakume bat bere ezagun batek bortxatu duena. Antzezlanak epaiketa baten itxura du eta benetako epaiketetatik ateratako galderen bitartez, biktimak sentitu zuena adierazten du. Gainera, off ahotsa erabiltzen dute pertsonaien gogoetak azaleratzeko, eta horrela ere jakin dezakegu nola sentitzen den emakumea galderak egiten dizkiotenean. Izan ere, galdera batzuk «mingarriak» dira biktimarentzat.

Teatro Kamikaz Madrilen ‘Jauria’ antzezlana eskaintzen ari dira, La Manadaren epaiketaren inguruan, baina ‘Birritan bortxatua’ desberdina dela azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, Madrilekoak La Manadaren epaiketa taularatzen duen bitartean, Euskal Herriko ekoizpena «fikzio dokumental» bat da. Hala ere, emaitza antzerakoa izan daiteke, alegia, publikoak hausnarketa bat egin dezala ikusi duenari buruz.

Antzezlanaren formatuak garrantzia handia du. Bi aktoreen inguruan kokatzen da publikoa, eta behar duten guztia areto ilun bat da. Egoitz Zelaia teknikariari esker autonomoak izatea lortu dute, eta pista bat sortu dute argizta pena eta audioak aktoreek beraiek kontrolatu ahal izateko, «gauza txiki batetik, zerbait handia egin dezaten». Off ahotsak grabatu egin dituzte, eta pedal bat zapalduz horiek noiz hasi behar diren erabakitzen dute. Argiekin ere jolastu dute eszenari dramatismoa emanez.

Amaitzeko, esan dute badakitela antzezlanean kontatzen dena –edo antzerako esperientziak– egunero gertatzen direla. «Obrako momentu batean Nagorek anaiari esaten dio: 'egunkarietan ikusten duguna niri gertatu zait, zure arrebari'. Batzuetan urrutitik ikusten ditugu egoera hauek baina gertu daude», azaldu du Royok. Hori dela eta, twitter kontu bat sortu dute emanaldiaren ostean ikusleek euren esperientziak partekatu ditzazten. #MeToo mugimenduari jarraituz, @kontazan da erabiliko duten kontua. «Jendeak kontatzea nahi dugu euren kasuak eta sustoak, horiek ere indarkeria matxista direlako», aipatu du Txikik.

Antzezlana Donostiako Gazteszenan aurkeztuko dute larunbatean eta igandean, 20.00etan. Martxoaren 27an Usurbilen izango dira, martxoaren 28an Uharte Arakilen, maiatzaren 9an Maulen eta maiatzaren 17an Azkoitian. Gainera, hilean behin Donostiako Dokan emanaldi bat eskaini nahi dute, erresidentzia moduko bat hasiz, eta lehen saioak apirilaren 26an eta maiatzaren 10ean izango dira.