NAIZ
Donostia

Indonesiako kultur eragileak Euskal Herrian daude euskal artearen testuingurua ezagutzeko

2022an Alemaniako Kassel hirian ospatuko den ‘documenta 15’ erakusketa zuzentzeko hautatua izan da Ruagrupa Jakartako taldea. Etxepare Institutuak abiatutako Zabal egitasmoari esker, urtean zehar nazioarteko bisitak izango dituzte euskal artistek eta honek euren harreman sarea zabaltzen lagunduko die.

Joxean Muñoz, Irene Larraza, Ayşe Güleç eta Ade Darmawan. (ETXEPARE INSTITUTUA)
Joxean Muñoz, Irene Larraza, Ayşe Güleç eta Ade Darmawan. (ETXEPARE INSTITUTUA)

Alemaniako Kassel hirian 2022an egingo den ‘documenta 15’ nazioarteko arte erakusketa zuzenduko duen Jakartako Ruangrupa kolektiboa Euskal Herrian da egunotan, euskal testuingurua ezagutzeko. Bertako praktika artistikoak ezagutzera eman eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sustatzea xede duen Zabal egitasmoaren baitan gonbidatu ditu Etxepare Euskal Institutuak.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria den Irene Larrazak eta Joxean Muñoz Lakuako Kulturako sailburuordeak harrera egin diete Tabakaleran kolektiboko hiru kideri: Ade Darmawan zuzendaria, Indra Ameng programa koordinatzailea eta Ayse Güleç aktibista eta ikertzailea. Astebetez, bertako proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak ezagutuko dituzte, bereziki euren lan ildo eta kontzeptuak aktibatzeko gaitasuna dutenak. Orotara, euskal testuinguruko 15 eragilerekin baino gehiagorekin egoteko aukera izango dute.

2019. urtean jarri zuen martxan Etxepare Euskal Institutuak Zabal egitasmoa, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotzeko helburuarekin. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak ekarriko ditu urtean zehar euskal artistekin elkarlana sustatzeko.

Egitasmoaren lehen fasea 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitarte burutuko da, eta nazioarteko zazpi arte komisario gonbidatuko dituzte. Iazko azaroan, programa martxan jarri eta berehala, Ruth Estevez São Pauloko bienaleko komisarioa izan zen lehen bisitaria. Ruangrupa kolektiboko kideak izan dira bigarrenak Euskal Herrira bisita egiten.

Erakusketaren nondik norakoak

‘Documenta’ nazioarteko erakusketa bost urtean behin egin ohi da Alemaniako Kassel hirian. 1955. urtean sortu zuen Arnold Bode artista, irakasle eta kuradoreak, II. Mundu Gerrak utzitako zauriak eta nazismoak ekarritako kultur aro iluna atzean utzi eta Alemania nazioarteko arte modernoaren abangoardian lerrokatzeko asmoz.

Azken urteotako edizioetan nazioarteko artista entzutetsuek aurkeztu dituzte euren lan berrienak, mundu mailan sona handia hartuz. Edizio bakoitzak 100 eguneko iraupena du eta, horregatik, «100 eguneko museoa» izenez ere da ezaguna.

2022an egingo den ‘documenta 15’ erakusketa zuzentzeko, hamar kidek osatutako Jakartako Ruangrupa kolektiboa izan da aukeratua. 2000n osatutako taldeak artea testuinguru hiritar eta kultural baten baitan kokatzea du helburu, eta, horretarako, gizarte zientziak, politika edota teknologiarekin nahasten dute artea euren proiektuetan; Indonesiako gatazka garaikideen inguruan gogoeta kritikoa egiteko asmoz beti ere.